Nafarroako Bertsolari Txapelketa 2015

Larunbatean abiatuko da Iruñean Nafarroako Bertsolari Txapelketa

TTIPI-TTAPA 2015ko ots. 4a, 08:38
Otsailaren 3an aurkeztu zuten txapelketa Iruñean. Artxiboko argazkia

Inoizko parte hartzerik handiena izanen du, 33 bertsolarik eman baitute izena

42. ediziora ailegatu da Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Hilaren 7an Iruñean hasiko da eta martxoaren 28an bukatuko da, Elizondon jokatuko den finalarekin. Bi hilabetean bederatzi saio jokatuko dira. Inoizko parte-hartzaile kopururik handiena izango du, osotara 33 bertsolarik eman baitute izena. Tartean ez dago Xabier Silveira, gaur egungo txapelduna.

42. ediziora ailegatu da Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Hilaren 7an Iruñean hasiko da eta martxoaren 28an bukatuko da, Elizondon jokatuko den finalarekin. Bi hilabetean bederatzi saio jokatuko dira. Inoizko parte-hartzaile kopururik handiena izango du, osotara 33 bertsolarik eman baitute izena. Tartean ez dago Xabier Silveira, gaur egungo txapelduna.

Parte-hartzaile kopuru handiaren ondorioz, lehen aldiz txapelketan izena eman dutenen artean kanporaketa bat jokatu zen abenduan Iruñean. Sei bertsolari aritu ziren saio horretan eta hiruk lortu zuten final-laurdenetako txartela. Hortaz, 30 bertsolarirekin abiatuko da final-laurdenetako fasea.

Bost final-laurden jokatuko dira otsailaren 7tik 22ra, Iruñea, Irurtzun, Zubiri, Lizarra eta Lakuntzan. Horietan 18 bertsolari sailkatuko dira hiru finalaurrekoetarako. Berriozar (martxoak 7), Lesaka (martxoak 8) eta Burlatan (martxoak 15) izango dira finalaurrekoak.

Azkenik, Elizondoko pilotalekuan jokatuko da aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala. Martxoaren 28an izango da, 17:00etan hasita. Bertan zortzi bertsolarik hartuko dute parte.

 

Asteburuan, lehenengo bi saioak

Bi saiorekin abiatuko da asteburuan Nafarroako Bertsolari Txapelketaren edizio berria. Iruñean hasiko da aurtengo txapelketa, larunbatean. Katakraken jokatuko da lehen final-laurdena, arratsaldeko 17:30etatik aurrera.

Aretoak duen filosofia errespetatze aldera, saio horretan ez da sarrerarik kobratuko. Saiora joateko aurrez gonbidapenak banatuko dira Nafarroako Bertsozale Elkartean eta Katakraken bertan. Jon Barberena elizondarra, Joxema Leitza, Aritz Saragueta, txapelketara itzuli den Bittor Elizagoien arraioztarra, Unai Uberetagoena eta Oier Lakuntza ariko dira kantari eta Alaitz Rekondok beteko du aurkezle lana.

Iruñekoa ez da asteburuko saio bakarra izango, igandean Txapelketako bigarren final-laurdena jokatuko baita Irurtzungo Kultur Etxean, 17:30ean. Julio Soto, Alazne Untxalo elizondarra, Iban Garro lesakarra, Julen Zelaieta beratarra, Migel Mari Elosegi Luze leitzarra eta Kotte Plaza iruritarra ariko dira kantari, Fernando Anbustegi aurkezle dutela.

Nafarroako Bertsolari Txapelketaren inguruko xehetasun guztiak www.bertsozale.eus webgunearen barruan dagoen atal berezituan aurkitzen ahal dira. Horrez, gain, www.bertsoa.com atariak ere txapelketaren jarraipen berezia egingo du.

 

Eskualdeko 18 bertsolari, Silveira gaur egungo txapeldunik gabe

Hainbat bertsolari beteranorekin batera, aurpegi berriak ere izango ditu txapelketake eta eskualdeko ordezkaritza zabala izanen da. Xabier Terreros, Iñigo Olaetxea, Ioar Tainta, Iban Garro, Josu Sanjurjo eta Eneko Fernandez lesakarrak; Patxi Castillo eta Julen Zelaieta beratarrak, Amaia Elizagoien oronoztarra, Ander Fuentes Itturri Zubietarra, Alazne Untxalo eta Egoitz eta Iker Gorosterrazu iturendarrak; Bittor Elizagoien arraioztarra, Kotte Plaza iruritarra, Xabier Maia eta Jon Barberena elizondarrak eta Migel Mari Elosegi Luze leitzarra. Gaur egungo txapelduna, Xabier Silveira, ez da ariko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun