Maiatzeko hauteskundeak prestatzen hasi da EH Bildu

Marga ERDOZAIN 2015ko urt. 22a, 13:46

Otsail hasieran batzar idekia eginen dute proiektuaren aurkezpena egiteko

Maiatzeko udal hauteskundeak prestatzen hasi da Doneztebeko EH Bildu. Lehendabiziko aldia izanen da EA, Sortu, Aralar eta Alternatiba udal Donezteben koalizioan aurkeztuko direna. Beraz, oraingoan indar metaketa honek kandidaturari itxura be­rria emanen dio. 
 
Urtarrilean talde eragilea eta hain­bat ‘norbanakorekin’ egoteko asmoa du Doneztebeko EH Bilduk, dauden beharrak eta erronkak ezagutzeko. Otsail hasieran ba­tzar idekia egin nahi dute abiatu duten proiektua herrita­rrei aurkezteko eta parte hartzera gonbidatzeko. Batzar horretan bildutako proposamenak eta ekarpenak kontuan hartuta, eta talde eragiletik bildu­takoa ere jaso ondotik, hauteskunde-programa osatuko dute. Otsailean ere zerrendan joanen den jendea zehazteko asmoa dute, behin betiko programa erre­daktatu eta ixteko. Gero, biga­rren batzar idekia eginen dute programa onartu eta zerrendari buruz aritzeko. 
 
Aurreikusi duten kronogramaren arabera, martxoan, hauteskunde-­zerrenda itxi, hirugarren batzar idekia egin (zerrenda onartzeko) eta bai programa zein zerrendak, biak argitara emanen dituzte. Lan horiek guztiak bideratzeko, lan banaketa eta azpiba­tzordeak prestatu nahi dituzte.
 
Doneztebar guztiak prozesu honetan parte hartzera gonbidatu nahi dituzte, adin, errealitate eta esparru ezberdinetako jendea erakarri asmoz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun