Belaunaldiz-belaunaldi, ahoz-aho gure kultura osatzen duten pertsonai, mito eta kondairak iritsi zaizkigu. Historian zehar, gure zaharrek naturan gertatzen diren fenomeno ezberdinak, ingurua eta natura bera ere ulertu dituzte mitologian oinarrituz. Ezagutza eta sinesmen hauek belaunaldiz-belaunaldi hazten joan dira. Oraingoan aberastasun hau gure 3-7 urteko txikiengana hurbildu nahi izan dute Izaskun Zubialde idazle zubietarrak, Bakarne Atxukarro idazle irundarrak eta Asun Egurza ilustratzaile barañaindarrak Euskal mitologia. Haurrentzako ipuinak bilduma liburuarekin. Oraingoz liburua digital formatuan dago bakarrik. «Aurkezten dugun lan honek ondare kultural hori gurasoengandik umeengana ahoz transmititzeko helburua dauka. Ilustrazioz beteriko liburu honek helburu horiek betetzeko tresna erabilgarria izatea espero dugu» aipatu digu Izaskun Zubialde zubietarrak. Amazonen webgunearen bidez jausten ahal da liburua, 2,68 euro ordainduta. Egileek ez dute baztertzen paperezko edizioa ere argitaratzea. Bi hizkuntzetan idatzirik dago, euskaraz eta gazteleraz. Frantsesez ere prestatu dute jadanik eta ingeleraz egitea ere ez dute baztertu.