Senperen aski ongi ezagutuak ziren hiru herritar pausatu dira azken egun hauetan. Michel Borthaire, Audet, zendu da 88 urte bete behar zituelarik. Ibarrun Audeteneko 11 haurrideetatik bederatzigarrena zen. Aita eta anaiak bezala gaitzeko pilotaria izan zen ikaragarriko partidak jokatuz urteetan Ipar Euskal Herri osoan. Ttiki ttikitatik gustuko izan du pilota, behar bada Ibarrungo pilota plaza sortetxearen aintzinean baizuen. Bertzalde, 42 urtez karrika nagusiko janari saltegian aritu zen lanean eta Elixabete anderea dendan egoten zelarik Mixel auzoz auzo ibilki zen bere ibilgailuarekin, gutik ahantziko duten denda ibiltari liranjarekin! Merkataritzak ez zuen sekreturik beretzat gazte denboran jadanik mendiz mendi ibiltzen baizen gauaz urratsa zalu zuelarik karga bizkarrean ibiltzeko. Gaueko lanaren inguruko istorio frango zekien Mixel zenak! Azken egunetan poz haundiarekin ikusi zuen alabaren semea Frantziako xapeldun izaten rugbi Senpereko taldearekin eta New Yorkeko maratoian parte hartzen. Ez adiorik Audet!
Bertzalde, Mayi Sturtz ibarrundarra 74 urtetan pausatu da eritasun bortitz batengatik. Senpertarrek gogoan dute parropiaren alde egin duen lana bai eta duela hogoita hamar bat urte nolako irriak pizten zituen bazko astelehenez Emak-Hor gelako taulen gainean euskarazko herri antzerkia bizi bizia zelarik oraino herrian.
Azkenik, Jeanne Bereau, sortzez Ibarra Mikelunako alaba, zendu da 88 urtetan. Azken urteetan munta haundiko lana egin zuen Adin Ederra elkartearen baitan, biltzarrak, bazkariak eta bidaiak apailatuz. Gainerat, Mayi eta Jeanne kantariak ziren Emak-Hor koralean eta nork daki zonbait kantaldi eta zeremonia xaramelatu dituzten. Abesbatzaren 90 urteko ospakizuneko argazkian bi emazte zendu berriak ondo ondoan agertzen dira.