Langabeziak gorakada jasan du gure eskualdean azken 2 hilabetetan

ttipi-ttapa 2007ko urt. 12a, 10:03

Langabeziak goiti egin du Baztan-Bidasoa eskualdean urteko azken 2 hilabeteotan. %10,40koa izan da gorakada eta langabetuak orotara 620 dira, beraz, urteko 5. zifra txarrena.

Dena den, datu txarren aipamena egiten ari garela, erran, 2.005eko azaroan 677 langabe erregistratu zirela.

Baina urte osoaren estatistika egin dezagun, eta hala, garbi geratzen da lan ekinbideak 2 zati agertzen dituela, eta hauek guztiz bereizgarriak direla, bata maiatza eta urri artekoa, eta honetan langabetuen kopuruak behiti egiten du turismo eta zerbitzuei esker, eta bertzea, azarotik apirilera, non garbi ikusten den lan gutxiago dagoela, langabeziak goti eginez.

Behin turismo kanpaina akituta, azaroan langabetuen kopuruak 48 lagunetan goiti egiten du, eta hala, 561 langabetik 609ra pasatzen da. Baina kontua ez da hortan geratzen, izan ere, abenduan bertze 11 pertsonek izena eman bait zuten INEMeko bulegoan eta 609tik 620ra pasa da. 251 gizon lanik gabe daude eta 369 emakume.

Portzentaietara pasatuz, azaroan gorakada %8,6koa izan da eta abenduan %1,8koa.

Hilabeteka, 2.006ko txarrena urtarrila izan da 715 langabetuekin eta hortik goiti, poliki-poliki jautsiera eman da.700 otsailean,684 martxoan, 642 apirilean, 599 maiatzean, 570 ekainean, 584 uztailan, 585 abuztuan, 563 irailan eta 561 urrian. Urrikoa izan da urte osoko mailarik apalena.

Azaroan lanagebetuak 609 ziren, 237 gizon eta 372 emakume, eta erran moduan, abenduan, 620.

Nafarroako enplegu serbitzu ofizialaren datuak aintzat hartuz, 2.005eko abenduan 677 ziren bulegoan izena emana zutenak. Urtero-urtero tendentzia mantendu egiten da eta 2.000. urteko urtarriletik, hau da, 84 hilabetetan, 14tan soilik 500 langabetuen zifratik jautsi da.

Urtarrila, urteko hilabete txarrena izan ohi da eta 2.006an 715ko datua eman bazen, 2 urte lehenago, hau da, 2.004an 723koa zen.

Hortaz, 22.000 pertsona bizi diren toki batentzat, datu esanguratsua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun