Bordatxo dantzalekua erabat hondatu du ETAren lehergailuak

ttipi-ttapa 2006ko uzt. 28a, 16:49
Vicente Ripa, Espainiako Gobernuko ordezkaria Nafarroan, Josetxo Irigoien alkatearekin eta guardia zibileko ordezkariarekin, ehergailuak Bordatxon eragindako kalte izugarriak aztertzen. TTIPI TTAPA

«Iraultza zerga ez ordaintzeagatik» izan dela dio Josetxo Beola jabeak

Abenduaren 21ean ETAk jarritako lehergailu batek Bordatxo dantzalekua erabat hondatu zuen. Aitzinetik abisua emana zen eta horregatik, zauriturik ez zen izan, baina diskoteka erabat suntsitu zuen –bota egin beharko dutela adierazi du Josetxo Beola jabeak– eta inguruko eraikinetan kalte arinagoak izan ziren. Halere, diskotekaren gibelean dagoen baserrian kalte larriak antzeman dituzte egitura nagusian. Horrez gain, 25 etxebizitza, hamabi denda, bortz garaje, zazpi etxabe eta trasteleku batean kalteak gertatu ziren. Bi autoren jabeek ere salaketak jarri dituzte. Ondasun horietan pitzadurak, egitura hondatuak, kristal hautsiak eta pareta mugituak agertu dira. Etxebizitzetan ez ezik, eraikin publikoetan ere kalteak izan ziren, handienak osasun etxean, ikastetxean eta hilerrian. Abenduaren 27an egin zen bileran kalteordainak eskatzeko eman behar diren urratsen berri eman zen.

Leherketaren biharamonean, Vicente Ripa, Espainiako Gobernuko ordezkaria Nafarroan Doneztebera etorri zen gertaera salatzera. Udalak ez ohiko batzarra egin zuen eta atentatua ahobatez salatu zuen: «herriari min handia egin diola» adieraziz.

ETAk bere gain hartu du atentatua eta Josetxo Beolari «salataria eta Espainiako indar armatuen kolaboratzaile izatea» egotzi. Jabeak, ordea, salaketa hori ukatu du eta «iraultza zerga ez ordaintzeagatik» izan dela jakinarazi du. «42.000 euro eta interesak eskatu zizkidaten, azken abisua zela eta mehatxua bete dute». Larunbatean erasoaren kontrako manifestazioa egin zen herrian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun