Errepide zati arriskutsuak moldatzeko plana aurkeztu da

ttipi-ttapa 2006ko uzt. 20a, 10:38

Eskualdean, N-121A eta N-121B errepideetan moldaketak eginen dira

Nafarroako Gobernuak, errepide sareko hamasei zati arriskutsu moldatzeko zazpigarren plana aurkeztu du, 2006 eta 2008 urteen artean egin beharrekoa. Istripu aunitz izaten diren zortzi zati eta potentzialki arriskutsuak diren bertze zortzi ezabatu edo moldatu nahi dira Nafarroa osoan, 5.048.436 euroko inbertsioarekin. Istripuak pilatzen diren errepide zatiei dagokienez, horietatik bi eskualdean daude. Nola ez, Iruñetik Behobiara doan N-121A errepidean daude, Bera eta Endarlatsa artean (68,1 -69,8 km) eta Sunbilla eta Igantzi artean (57,2 -58,2 km). Bi zati hauetan bihurgune itxiak daude eta kontrako norabideko karrilera erraz joaten dira ibilgailuak. 2007-2009 urteen artean egin beharreko hobekuntza lanekin arazoa moldatzea espero da. Bien bitartean, seinalizazio bertikala eta balizazioa hobetu da eta aitzintzeko lekuak mugatu egin dira. Potentzialki arriskutsuak diren zatiei dagokienez, bi zati berri somatu dira eskualdean, Iruñetik Dantxarinea aldera doan N-121B errepidean, Iruritan eta Azpilkuetan. Hauetan, seinalizazio eta balizazio lanak eginen dira aurten.

Istripu kopurua murrizten ari da

Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, zati arriskutsuak moldatzeko plana egiten hasi zirenetik, istripu kopurua murrizten ari da. Honela, heriotza eragin duten istripuen kopurua %30 jautsi da 1998tik 2005era (515etik 360ra) eta hildakoen kopurua ere %21,7 jautsi da. Kontuan hartu behar da banaz bertzeko trafiko intentsitatea %27,6 igo dela urte tarte horretan. Halere, joan den urtean 76 hildako izan ziren Nafarroako errepideetan, 2004an baino 14 gehiago. Aurten, aldiz, ekainaren 26a arte 21 lagun hil dira gure errepideetan, iaz tenore horretan baino 10 guttiago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun