240 herritarrek departamentua sortzeko erreferendumaren alde sinatu dute

Xan Harriague 2006ko uzt. 13a, 20:20

Bozkatzeko eskubidea dutenen %14a da hori

Euskal eta Biarnes departamenduak sortzeari buruzko erreferenduma egin ahal izateko, 46 000 sinadura beharrezkoak dira. Hori dela eta, joan den ekainaren 10ean sinadura bilketa egin zen Lapurdi, Behe Nafarroa eta Xiberoko hainbat Herriko etxeetan. Saran ere hala izan zen. Herriko Etxeak sinadurak biltzeko espreski idekia egon zen. Oren batean, ateak hetsi zituztelarik, 240 Saratarrek erreferendumaren alde sinatu zuten. Bozkatzeko eskubidea duten Saratarren %14a. Jean Aniotzbehere Sarako auzapezak, Ttipi-Ttapari erran dioenez «uste baino emaitza hobea atera da, baina agian Saratar gehiagok sinatuko dute, kanpaina huntan galdetzen dena erreferenduma da ez departamendua. Demokrata guziek demokraziaren oinarria den ariketa hunen alde egin beharko lukete». Ekainaren hondarrean, sinadura bilketa antolatzen duen Batera plataformak, jakinarazi duenez, momentuz 10 000 sinadura bildu dituzte. Gelditzen diren bertze 36000 biltzeko urria arte izanen dute. Erreferendumaren alde sinatu nahi duten Saratar guziek herriko etxean egiten ahal dute, asteko egun guzietan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun