Formigalera eskiatzera eta Xabierrera ateraldiak antolatu ditu Erreka elkarteak

ttipi-ttapa 2006ko mai. 12a, 14:20

Pirinioetara martxoaren 26an eta Xabierrera martxoaren 11n joanen dira

Erreka Kirol Elkarteak heldu den martxoaren 26rako, igandearekin, Formigalera irteera bat antolatu du. Urtero irteera bat egiten da eskiatzera joateko eta aurten Formigal aldera joateko aukera izanen da. Autobusa goizeko 6etan aterako da autobus geltokitik. Apuntatzeko, Nafarroako Kutxak Donezteben duen bulegora joan behar da. Prezioak hauek izanen dira: helduendako forfait-a eta elurreko asegurua, 31 euro. Haurrendako forfaita eta elurreko segurua, 25 euro; eta autobusa, forfait gabe eta bidai asegurua, 26 euro.

Errekako bazkideek bortz euroko laguntza izanen dute. Hamalau urte baino guttiago duten haurrak guraso edo tutoreekin joan beharko dute. Apuntatzeko epea martxoaren 15a arte egonen da zabalik. Bertzalde, Javieradan parte hartzeko autobusa ere antolatu du Erreka Kirol Elkarteak. Martxoaren 11n izanen da irteera, larunbatarekin. Apuntatzeko Titi ostatura joan behar da edo 948 450271 telefonora deitu.

Autobusaren prezioa 15 eurokoa izanen da bazkide ez direnentzat eta 12 eurokoa bazkideentzat. Autobusa goizeko 5etan aterako da Doneztebetik eta Iruñean geldituko da. Handik Xabierrera dauden 42 kilometroak oinez egin beharko dira. Gero, autobusa Xabierren bertan hartu eta Doneztebera itzuliko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun