Lau hilabetez etengabe igotzen aritu den eskualdeko langabezia kopuruak pixko bat beheiti egin du otsailean. Urtarrilaren bukaeran 715 ziren lan bilatzeko Doneztebeko Enplegu Bulegoan izena emanak zutenak. Otsailaren hondarrean, berriz, 700 lagun zeuden apuntatuak. Beraz, %2,10 apaldu da langabetu kopurua.
eherakada hori nabari da industria arloan: urteko lehen hilabetean 214 langabetu zeuden eta geroztik 14 dira arlo horretan lana aurkitu dutenak. Bertze gainerako arloetan, nekazaritzan, eraikuntzan, zerbitzuetan eta aitzinetik lanik egin ez duten pertsonetan aldaketa handirik ez da izan.
Langabeziaren beherakada apal hau gehien aprobetxatu dutenak gazteak eta gizonezkoak dira. 25 urte baino guttiago duten gizon zein emakumeetan 16 langabetu guttiago daude. Adin horretatik pasatu diren gizonezkoen artean ere 8 langabetu guttiago daude. Beraz, daturik txarrena, 25 urte baino gehiago dituzten emakumeetan aurkitzen da, urtarriletik otsailera, adin-tarte horretako 9 emakume gehiago apuntatu baitira Doneztebeko Enplegu Bulegoko zerrendetan. Joan den urteko otsaileko datuekin konparatuz, eskualdean 41 lagun gehiago daude langabezian.