Altxata Kultur Elkartearen Batzar Orokorra

Joseba eta Nerea 2006ko api. 27a, 13:27

Urtero bezala, martxo hondarrean egin zuen Altxata Kultur Elkarteak urteko Batzar Orokorra. San Jose Egunean, martxoak 19, hogei bat lagun bildu ziren Kultur Etxean hainbat gaiez solasteko. Iazko kontuak onartzea, aurtengo aurrekontua zehaztea eta junta berritzeaz aritu ziren bertzeak bertze. Aldaketa nabaririk ez zen gertatu baina juntan kide berri bat sartu da: Arantxa Danboriena. Orain arte idazkari lanetan aritu den Nerea Mitxeltorenak berriz, utzi egin du. Aldaketa honekin, gisa honetara gelditu da Altxatako junta berria: Lehendakaria IƱaki Danboriena; lehendakariordea Izaskun Ariztegi; diruzaina Garazi Lujua eta idazkaria Arantxa Danboriena.

Bazkide egiteko aukera

Altxatak 120 bazkide inguru ditu herrian baina irekia dago sozio egin nahi duten guztientzat. Interesatuek juntako edozein kiderengana jotzea bertzerik ez dute eta hauek emandako orri bat betetzea. Urtean 10 euro ordaindu behar dira eta ez du inolako konpromisorik eskatzen. Bertzerik gabe, herriko kultur dinamizazioaren aldeko laguntza eta herri mailan antolatzen diren ekitaldietarako kolaborazioa da 10 euro horiekin ematen dena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun