«Bilobak eta lagunak eskean etortzen direnean guztien amatxi sentitzen naiz»

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 19a, 07:30
Dolores Alberro Burguete

Dolores ALBERRO BURGUETE
Doneztebeko inauterizalea

Petrisantzenea etxeko Dolores ongi ezagutzen dute Doneztebeko gazteek. Urtero eskaintzen die inauterietako ortziralean gosaria. Bisitariei jan-edanak eman eta trukean, «haien poztasunak negua pasatzeko indarra» ematen diola dio.

Arizkunen jaio zen duela 81 urte eta zortzi urte zituenean aitak Doneztebera ekarri zuen, «hamar senideko familia ginen eta gure etxean ez zuten denak hazteko aukerarik». Petrisantzenea izan du geroztik bizileku, «hamabi urte beranduago, 1958an, etxe horretako seme batekin ezkondu nintzen, Patxikurekin, eta gaur egun etxe horretan jarraitzen dut bizitzen familia ederra osatuta».

Inauterizalea beti
Beti gustatu izan zaizkio inauteriak, «lehen eta orain. Adin desberdinetako pertsonak eta kuadrillak elkartu eta herria musika eta algaraz betetzen delako». Dena den, azpimarratu du gaur egungoak «anitz gustatzen» zaizkiola, «orain neska eta mutil kuadrilla ederra ibiltzen delako eskean, garai batean bakarrik mutilen kontua zen».

«Gaur egungo inauteriak anitz gustatzen zaizkit. Orain neska eta mutil kuadrilla ederra ibiltzen delako eskean»

Orduan, «baserrira eskean mozorroturik etortzen zirenean bizitzen» zituen inauteriak: «akordeoiarekin etortzen ziren eta gosari eder batekin ongietorria ematen genien, denak elkarrekin tarte ederrak pasatzen genituen».
Urteak pasa dira, garaiak aldatu eta bere ondorengoek besta bizitzeko aukera dutela ikusita pozik dago Dolores, «biloben jantzietan konponketak egiten aritzen naiz eta baserrietan eskean joateko nire mandarrak uzten dizkiet».

Gosari ederra
Eskean dabiltzan gazteak etxean hartzeko ohiturari eutsi dio Doloresek: «hasiera batean nire etxean ematen nien gosaria, baina orduan lau baserri ginen Oteiza auzoan eta etxe guztietan sartzen ziren gosaltzera. Gaur egun, gero eta helduagoak gara auzokoak eta momentu honetan bakarrik nire etxean sartzen dira. Etortzen den kuadrilla handia da eta etxe azpian dugun txokoan ematen diegu gosaria».
Senideek laguntzen omen diote gosaria prestatzen, «txistorra, xingarra eta gazta ematen diegu eta azken aldian kafea ere bai». Gazteek, egin berri duten kafearekin, ajeari buelta eman eta egonaldia luzatzen omen dute, «horrela, bakoitza ze etxetakoa den jakiteko denbora ematen dit». Momentu berezia da beretzat, «nire bilobak, haien lagunekin etortzen dira eta egun horretan guztien amatxi sentitzen naiz».
Sortzen den giroa ere paregabea dela azaldu digu: «trikitixak, panderoak…ekartzen dituzte eta denetarik jotzen dute, mahai inguruan kantatzen dugu eta haiekin jota eta zortziko bat dantzatzera animatzen naiz». Badituzte tradizio bihurtu diren ohiturak ere, «urtero, joan aurretik Eskerrik asko Jauna abestiarekin agurra ematen digute eta ondotik, etxeko atarian, argazki bat ateratzen dugu oroitzapen moduan». Pasa den urteko argazkia ikusita, bistakoa da denei on egiten diela gosariak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun