Lesakako argazki lehiaketako bi lehenbiziko sariak Kataluniara joan dira

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 13a, 18:00
Diego Pedra kataluniarraren 'Bruma' argazkiak irabazi du lehen saria. Argazkia: Diego Pedra Benzal

88 lan aurkeztu dituzte Beti Gaztek antolatutako lehiaketara eta lanak ikusgai paratuko dituzte azaroaren 14tik abenduaren 2ra bitarte Harriondoako konbentuan

Urtero bezala, Lesakako Beti-Gazte elkarteak Argazki lehiaketa antolatu du. Urrian argazkizale aunitzek beraien lanak aurkeztu zituzten. Denera 88 argazki aurkeztu dituzte lehiaketara, iaz baino bat guttiago eta bi sari nagusiak Kataluniara joan dira.

Azaroaren 9an erabaki zituen sariak Lesakako Telletxea argazki dendako Jasone Telletxea eta Doneztebeko Alicia del Castillo eta Elizondoko Juan Mari Ondikol argazkilariek osatutako epaimahaiak. Lehenbiziko saria Kataluniako Cornella de Llobregat hiriko Diego Pedra Benzal argazkilariak lortu zuen, Bruma izeneko argazkiarekin. Honek 350 euroko sari bat eta garaikurra  eskuratu ditu.

Bigarren saria (250 euro eta garaikurra) ere Kataluniara joan da, Bartzelonako Carlos Frías Perezek eskuratu baitu, Ausencias  izeneko lanarengatik.

Kirol argazki hoberenarentzako saria,  200 euro eta garaikurra, Soraluzeko (Gipuzkoa) Carlos de Cos Azkonak eskuratu du, Volando voy argazkiarekin.

Eta azkenik,  azken urteetan bezala, Jon Martinez Etxabarri argazkilariak Lesakako egile hoberenarentzako saria lortu du, Ur goxoa argazkiarekin. 200 euro eta garaikurra eskuratu ditu lesakarrak ere.

Argazki guztiak  Harriondoa Kultur Etxeko Komentuko elizan ikusgai paratuko dituzte azaroaren 14tik abenduaren 2ra bitarte. Erakusketa irekia egonen da ortzegunetik larunbatera 17:30etik 19:30era eta igandetan 11:30etik 13:30era.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun