Malerreka Egunean giro ederra izan dute Sunbillan

Isabel Elizalde kontseilaria omendu zuten eta Ezkurrari pasa zioten lekukoa

Eguraldi euritsu eta goibelarekin esnatu zen larunbatean Sunbilla. Baina zegoen eguraldiari aurpegi ona jarriz, bestari hasiera Ramon Latasa plazan jarritako kioskoan eman zitzaion. Malerrekako herrietako ordezkari guztiekin batera, herriko alkatesa Amets eta Udalak omendutako talde eta elkarteetako ordezkariak bildu ziren: Sunbillako Abesbatza, Antrotoki taldea, Antzakaitz kultur taldea, Auzolan Taldea, Sunbillako Dantzariak, Guraso Elkartea, inauterietako antolatzaileak, Sunbillako Konpartsa, Antton Espelosin Ramon Latasa Sariaren antolatzaileak, Sunbite Elkartea, Sunbillako Txistulariak eta Ulibeltzak Elkartea.

 

Herriko Mikel, Itsaso eta Irati Arrieta, Amaia Goñi, Izaro Alzuri, Irune eta Josune Agirre dantzariek aurreskua eskaini zuten. Bukatutakoan herriko Arianek, Saioa Mariñelarenak eta Ane Migeltorenak omenduetako ordezkari guztiei zapia jarri zieten. Jarraian Mendi abesbatzak lau kantekin giroa alaitu zuten.

300 lagun inguru bildu ziren bazkarian

Denborak lagundu ez zuenez Doneztebe, Ituren, Urroz eta herriko dantzarien saioak frontoian egin ziren. Frontoia jendez bete zen eta bertaraturikoek dantza saio ederra ikusteko aukera izan zuten. Eguerdi partean Mendaur trikitixa pandero eskolako ikasleen eta joaldunen txanda izan zen. Euriak atsedena hartu eta joaldunak, Donamariako buruhandiak eta erraldoiak eta musikariak herrian barna jotzeko aukera izan zuten. Joare soinu ederrak aritu ziren herri guztian barna baita musikari kuadrilla ere. Bitartean Eratsun, Elgorriaga, Zubieta eta Sunbillako ordezkariek paella eder eta gozoak prestatu zituzten, frontoian bazkari eder batez gozatzeko. 288 bazkari-txartel prestatu ziren eta guztiak saldu ziren. Horiez gain, gonbidatuak ere bazeudela aintzat hartuz, 300tik goiti lagun elkartu ziren herriko frontoian paella eta mazedonia goxoa dastatzeko eta kantuez gozatzeko. Atsaldean, 16 bikote Ulibeltzak Elkartean museko finala jokatzen zuten bitartean bertze batzuek muxikoak dantzatzeko aukera izan zuten plazan. Tarte horretan haurrei txokolate beroa eman zitzaien, eliz atarian. Ondoren, jokoez gozatzeko aukera izan zuten, plazan. Buruhaundiak berriz ere kanpoan ibili ziren.

 

Jendetza bildu zen pilota partidetan

Ilunabarrean esku pilota jaialdi benefikoa izan zen, Berako Enaitz Iparragirre Arretxearen aldekoa. Bi partidu jokatu ziren. Lehena emakumezkoena izan zen eta horien artean Naroa Elizaldek eta G. Aldaik irabazi zuten, 22-4. Gizonezkoetan, berriz, Titin III-Aldave (Igantzi)-Elizalde (Ituren)- Ivan Azanza. Azken horiek 15-22 galdu bazuten ere, partida ederra egin zuten. 270 lagun hurbildu ziren partiduez gozatzera. Bukatutakoan Enaitzek pilotariekin argazki eder bat atera zuen. Bai Enaitzek berak, baita bere familiakoek ere, bertaratu zirenen borondatea eskertu nahi izan dituzte.

Eguna aitzinera joan ahala, museko sariak banatu, saskien zozketa egin eta testigua pasatzearen momentua ere ailegatu zen. Museko txapelak Doneztebeko Jon Mitxelenak eta Zubietako Urko Loiartek irabazi zituzten. Bigarrenak, berriz, Eratsungo Emilio eta Jose LUis izan ziren. Momentu horretan ere saskien zozketak egin ziren. Testigua pasatu aitzinetik Isabel Elizalde Arretxeari, Landa Garapeneko, Toki Administrazioko eta Ingurumeneko kontseilariari, omenaldi ttiki bat egin zitzaion. Hamahiru herrien gonbidatua izan zen baina ama Sunbillakoa izanik herriko lotura eta eskainitako laguntza aipatu zuten.  Ondoren Sunbillako alkatesak, Amets Inda Gorriaranek, Ezkurrako Jaione Zabalo zinegotziari datorren urteko Malerrekaren eguna egiteko testigua pasatu zion. Armarria egiten urtero Zubietako Miguel Arregi izaten dugu.

Ahaztu gabe ere ez ditugu utziko elizatarian egon ziren artisau guztiak beraien egiten dituzten lanak erakusten. Taloak jateko aukera ere bazen. Ederra ere artisau guzti hauek egiten duten lana. Eliz atarian hamairu herrietako maindireak zintzilakatuak zeuden. Herriko bi eskolak berriz bertako haurrek egindako pankartez apainduta zeukaten. Oharkabek giro ederra jarri zuen ilunabarrean eta 00:00etatik aintzinera.

Ekitaldi horietan guztietan Aitor Ibarra Jalisko mikrofonoarekin harat honat ibili zen, egitarau zabalaren berri emanez. Lan ederra egin zuen. Nahiz eta momentu jakin batzuetan denborak ez zuen sobera lagundu egun polita, koloretsua, jendetsua eta elkartasunekoa izan zela. 

Besta honi bukaera polit bat emateko eskertzaren tartea ere egitea tokatzen da. Herritarrek, lerro hauen bidez, eskerrak aunitz eman nahi izan dizkiete besta hau antolatzeko lagundu eta parte hartu duten guztiei.

Erlazionatuak

Malerrekako Eguna Sunbilla (argazki gehiago)

Malerreka Sunbilla

Sunbillan ospatu zen Malerrekako Egunean, omenaldiak, dantzarien saioa, joaldunen kalejira eta emakumeen arteko pilota partidaren argazkiak.Argazki...

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun