Izaskun Zubialde Grajirena: «Emozioak txikitatik landuz gero gizarte hobea izanen dugu»

Ttipi-Ttapa 2017ko api. 8a, 07:00
Izaskun Zubialde Sumendia baratzean ipuina eskuetan duela.

Euskal mitologiari buruzko 30 ipuin argitaratu ondotik, beste lan bat dute orain eskuartean Izaskun Zubialde zubietarrak, Bakarne Atxukarro Iruñean bizi den irundarrak eta Asun Egurza barañaindarrak. Emozioak eta baloreak lantzeko materiala sortzen ari dira eta horrekin ipuin-bilduma bat egin nahi dute. Ho­rren lehenbiziko ipuina da oraingoz kaleratu dutena: Sumendia baratzean. 5 eta 9 urte bitarteko haurrendako da, eta euskaraz eta gaztelaniaz atera dute. Laster ingelesez ere eginen dute.

 

Nolatan sortu zaizue proiektu hau lantzeko ideia?
Emozioak txikitatik ezagutzea eta erregulatzea ezinbestekoa iruditzen zai­gunez, amets batetik sortu den ipuina egin dugu lehenbiziko. Helburu ez­­­berdinak ditu libu­ru bakoitzak, baina denek emo­zioen ildoari jarrai­tzen­ diote. Emozioak txikitatik landuz gero, gizarte hobe­ baten jabe izanen garela­ uste dugulako­ sortu da bil­duma hau egiteko ideia. Bestalde, Barañainen emozioak lan­tzeko taile­rrak egin ditugu 8-9 urteko gazte­txoe­kin eta esperien­tzia­ hartan oina­rrituz, lanean ja­rraitzeko ma­teriala sor­tzen ari gara­.


Zer aurkituko dugu lehenbiziko ipuinean?
Natura eta animalia txiki  batek sortzen dituen emo­zio ezberdinak az­ter­­tzen dira. Horrez gain, ez ohiko familia bat da protagonista, ama eta bere bi seme-alabak hain zuzen ere. Hor ere gaur egungo errealitate bat islatzen da.


Euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu duzue. Eta laster ingelesez...
Mitologia liburuak euska­raz eta gaztelaniaz argitaratu genituen euskaraz ez zekiten euskaltzaleak ere badirela konturatu ginelako, eta harrera ona izan duenez, berdin jarrai­tzea erabaki dugu. Inge­lesarena, berriz, kasualita­tez izan da, izan ere, EHUko UASC programakoak gurekin kontaktuan jarri ziren itzulpenak egiteko baimena eskatuz. Hitzarmen bat sinatu­ genuen  eta itzulpen baimenaren ordainetan, testuak gure es­ku jartzen dituzte, argitaratu ahal izateko.


Zein gai landu nahi ditu­zue?
Natura zaintzearen ga­rran­­­­tzia, animaliak maita­tzea, komunikazioa... Gai anitz izanen dira, irakurke­taz gozatzeaz gain, ikasbide bat ere islatzen delako.


Zenbat liburu argitara­tzea aurreikusia duzue?
Hori argitaletxearen esku­ dago. Guk dagoeneko ba­­ditugu bospasei pres­taturik, baina azkenean, argitaletxeak du argia ikustearen giltza. Aurten, ziurrenik, hiru argitaratu­ko­­ ditugu. Lehenbizikoa argi­ta­ra­tua dugu, eta maiatz­ alderako bigarrena izanen dugu kalean. Dena ongi joanez gero, azaro alderako hiruga­rrena kaleratuko dugu.


Ez da hiruren artean egin duzuen lehenbiziko lana. Nolako erantzu­na izan dute euskal mitologiari buruzko ipuinek?
Oso-oso kontent gaude. Online moduan, lehenbiziko hiru egunetan 12.000 deskarga izan genituen, eta liburu fisikoan beste hainbeste saldu dira. Nola pentsatuko genuen gure etxeko txikientzat sortutako ipuinek halako arra­kasta izanen zutenik? Frantsesera ere itzulia dugu mitologiako lehenbizi­ko liburua eta bruselarrei interesatu zitzaienez, libu­ruaren aurkezpena egiten bertan izana da Asun­.


Nola ikusten duzu haur literaturaren egoera?
Nik uste poliki-poliki au­rrera doala, baina ez da erraza. Liburu bat sor­tzeak­­ lan handia dauka, eta dudarik gabe, argitaratzea oraindik zailagoa da. Kalitatea eta jendeak­ izan dezakeen onarpena kontuan hartzen dira eta ez da erraza tartea egitea­.


Etorkizunera begira zein­ asmo dituzu?
Hasteko, maiatzerako bil­dumako bigarren liburuaz gain, beste liburu bat ere argitaratzeko proiektua badugu. Nerabeen­dako genero nobela biografiko bat prest dugu, baina oraingoz, ezin dut ge­hiago aurreratu. Maia­tzera arte itxaron beharko duzue!

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun