Luis Gardek ere irabazi du Euskadi Literatura Saria

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko urr. 19a, 16:02
Luis Garde, Euskadi Literatura Saria eman dion 'Ehiztariaren isilaldia' eleberriarekin. Argazkia: Alicia del Castillo

Euskarazko literatura arloan, 'Ehiztariaren isilaldia' eleberriarengatik

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak 2016ko Euskadi Literatura sarien irabazleak iragarri ditu urriaren 19an, euskarazko literatura, gaztelaniazko literatura eta euskarazko literatura itzulpenaren sailetan. Euskarazko literaturaren arloan, Donezteben bizi den Luis Garde iruñearra (Ehiztariaren isilaldia, Pamiela) saritu dute.

 

Gaztelaniazko literatura sarian, Gabriela Ybarra (El comensal, Caballo de Troya) saritu dute; eta euskarazko literatura itzulpenaren sailean, Xabier Olarra (Ulises, Igela). Bakoitzak 18.000 euroko saria jasoko du, eta 4.000 euro gehiago, lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada (itzulpenaren kasuan izan ezik, noski).

Luis Gardek (Iruñea, 1961) Ezkaba mendiko San Kristobal kartzelan 1938an izandako ihesaren inguruko narrazioa egin du Ehiztariaren isilaldia lanean. Jon Kortazar buru izan duen epaimahaiaren iritziz, «liburu aberatsa da, sakona eta gogorra, irakurlearen kontzientzia astintzen duen urruneko sarraski lazgarriaren memoria etiko hurbila».

Iruñean jaio arren, aspaldian Donezteben bizi da Luis Garde eta Ttipi-Ttapako iritzi saileko kolaboratzaile ere bada.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun