«Ondoko bi urteetan Goizuetan ez dugu intsinis pinurik izango»

Ttipi-Ttapa 2018ko urr. 20a, 10:50
Josu Garmendia, mendiko zinegotzia

JOSU GARMENDIA GOIZUETAKO MENDI ZINEGOTZIA

Goizuetan banda gorria eta banda marroia onddoei aurre hartuta dabiltza. Aurre hartuta, baina halabeharrez. Izan ere, bere garaian fusarium gaixotasunak gogor kaltetu zituen herriko intsinis pinuak eta horren ondotik, gaitzak jotako guztiak botatzea erabaki zuten. Gaur egun, banda marroia eta gorriaren presentzia ez da beste tokietan bezain nabarmena Goizuetan.

 

Fusariumak gogor kaltetu zituen Goizuetako pinuak...
2002an hasi ginen fusariumaren lehen aztarnak ikusten eta 2004an intsinis pinua hiltzen ikusi genuen. Soluziorik ez zegoenez, gaixo zeuden pinuak botatzea erabaki zuen Udalak. Udalaren azken pinuak 2017an moztu genituen. Herriko jabe pribatuek ere gauza bera egin dute, diru pixka bat atera daitekeenez, bota. Jabetza pribatuko intsinisaren %10 inguru geldituko da botatzeko.


Zer landatzen ari zarete?
2004an taeda landatzen hasi ginen, 2007an zedro japoniarra eta 2009an zedro atlantiarra. Fusariumarekin gertatu zitzaiguna berriz ez errepikatzeko, mota bat baino gehiagoko materialak edukitzea erabaki dugu; bere garaian, dena intsinis genuen eta dena gaixotu zitzaigun. Hala ere, egin izan diren landaketak kritikatzekoak dira. Hasteko, kanpoko espezie bat ekarri dugu, azkar hazten dena, dirua ahalik eta azkarren emateko. Baina horrez gain, landaketa masiboa egin dugu, tarterik gabe. Gipuzkoan, Oiartzundik Bizkaiko mugaraino tarterik gabe dena pinua da, eta hala, gaixotasuna oso azkar zabaldu da. Goizuetan, lursail asko dugunez, landaketen politika pixka bat aldatu dugu. Landaketa baten eta bestearen arteko erreka zokoetan, makinak sartzeko zailak diren lekuetan, hostozabalak landatu ditugu: bertako pagoa, urkia... Gisa horretara, batetik, sute arriskua murrizten da, azpiko goroldioarekin sua ez delako hain aisa pasatzen landaketa batetik bestera, eta bestetik, gaitzek barrera ekologiko bat izaten dute.


Egin dituzuen landaketak intsinisak bezain errentagarriak izanen dira?
Bai, errentagarriak dira. Diametro aldetik, intsinisak baino gutxiago handitzen dira eta bost-hamar urte gehiago behar dituzte. Baina osasuntsu daudenez, gaixorik dagoen intsinis bat ezin da taeda osasuntsu batekin konparatu.


Banda marroia eta gorria Goizuetan zabaldu dira?
Pixka bat ikusten da, baina beti gorritu izan dira pinuak.  Gipuzkoan eta Bizkaian pinuak hil dituen bezala, hemen ez da horrelakorik gertatu. Baina heldu dena oso gogorra da. Gipuzkoan milaka metro kubiko daude mozteko, eta horrek gainprodukzioa sortuko du. Ondoko bi urteetan hainbeste egonen da mozteko, paper-fabrikak eta zerrategiak topera beteko direla eta horrek prezioen galera ekarriko duela. Goizuetan bizirik dauden zuhaitzekin baino etekin handiagoa aterako dute Gipuzkoan hilda dauden zuhaitzekin.  


Zer diozu eukaliptoaz?
Eukaliptoarekin gaur jan eta bihar gose. Lurrari kalte handia egiten dio. Gure landaketak ere ez dira politikoki zuzenak; nahiago genuke pagoa eta haritza landatu eta hortik bizi, baina tarteko zerbait egin nahi dugu eta ez dugu eukaliptorik nahi. Gure ondorengoei ez diegu herria erreta utzi nahi.


Diru-laguntzak nola daude?
%70ean daude. Gure kasuan, diru-sarrerak murriztu direnez, azken landaketa %100ean Nafarroako Gobernuak diruz lagunduta egin dugu, baina salbuespena izan da. Fusariumaren kaltetutako hektarea asko dugu moztuta eta diru asko behar dugu landatzeko eta mantentzeko. Orain arte landatua duguna ongi mantendu nahi dugu eta landatu behar dugunean ea Gobernuak laguntzen digun.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun