Udakolore balkoi lehiaketa erabakiko dute larunbatean Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2018ko eka. 14a, 10:27
Herriko balkoi eta leihoak ikusten ibiliko dira epaimahaiko kideak larunbatean. Argazkia: Felix Loiarte

Epaimahaikideak herrian barna ibiliko dira etxeetako balkoiak eta leihoak ikusten eta irabazleak 150 euroko saria izanen du

Herritarrek eta turistek ingurune atsegin eta ederraz goza dezaten, herriaren itxura hobetzeko udakolore balkoi lehiaketa antolatu du Goizuetako Udalak lehenengo aldiz. Larunbat honetan, ekainak 16, egina dute hitzordua eta egun horretan epaileak herrian barna ibiliko dira balkoiak eta leihoak ikusten.

 

Epaimahaikideek etxearen aurrekaldearen zainketa eta itxura osoa, balkoi eta leihoen edertasuna, apainketaren originaltasuna, loreen konposizioa eta bestelako elementu osagarriak hartuko dituzte kontuan. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ez da inon izenik eman beharko.

Epaileek hobekien apaindutako balkoia eta leihoa aukeratuko dituzte eta irabazleak herriko komertzioetan gastatzeko 150 euro hartuko ditu sari gisa. Irabazlearen izena egun berean jakinaraziko dute Udalaren webgunean (www.goizueta.eus). Lehiaketako irabazleak bonoa gastatzeko hiru hilabeteko epea izanen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun