Zuri-beltzeko irudiak historia koloreztatzeko

Ttipi-Ttapa 2017ko api. 29a, 09:00
Inauterietan eskean ateratako herritar taldea.

‘Leitza argazki zaharretan’ liburua osatu dute 1888tik XX.mende erdira arteko argazkiekin

Gutxi batzuen esku zegoen ondarea, guztion eskura jarri nahi izan dute. Batean eta bestean bildutako argazkiekin herri memoria osatu. Auzo­lana baliatuta, Leitzako 3.000 argazkitik gora bildu dituzte eta horietatik 700 ingururekin osatu dute liburua. Udaletxeko eraikinaren mendeurreneko ekitaldien baitan, maiatzaren 26an aurkeztuko dute 19:00etan.

Abuztuaren 11n beteko du mendea Leitzako Udaletxeak eta hori baliatuta, herriko memoria bildu eta landu nahi izan du Udalak: «herrita­rrek inoiz ahaz­tuko ez duten zerbait antolatu nahi genuen. Hain­bat aukera aztertu genituen: ekitaldiak, erakusketak, festak... eta azkenean horiek guztiez gain, herriarena den ondarea, herri­t­arrei bueltatzea ede­rra izanen zela pen­tsatu genuen».

­Julian Zabaleta Kultur Zinego­tziak bere ­gain hartu zuen egitasmoa gidatzeko ardura eta batean eta bestean bila ari zela an­tzi­na­ko grabazio ba­tzuen berri izan zuen «grabazio horiek bazirela jakin nuenean Donostiako filmotekara  joan eta Ma­drilgo eta Bar­tze­lonako artxi­boe­kin ere kontaktuan ja­rri nin­tzen. Hariari tiraka hain­bat pelikula bildu nituen: gehienak he­rri kirolen ingu­rukoak eta baten bat Sarrio paper lantegikoa, lantegia eta langileak lanean agertzen zirena. Txoratuta geratu nin­tzen grabazio horiek ikusita». Materiala bil­tzen segitzeko jakinmina piztu zitzaion orduan: «ba­tzuekin eta bes­teekin hitz egin, argaz­kiak eska­nea­tzen eta biltzen hasi eta esku artean mor­doxka nituela ikusitakoan, bil­duma osatu genezakela pen­tsatu nuen».

MATERIAL BILKETA
Artxi­boetan gordeta edo gu­txi ba­tzuen esku zeuden argazkiak lor­tzea bihurtu zen orduan­  erronka «duela 50 edo 100 urte, aukera gutxi zeuden etxeetan momentuko irudiak har­tzeko. Kanpotik etorri­tako bidaiariak izaten ziren argazkiak egiten zituztenak, momentu historikoak irudietan bil­tzen zituztenak». Eta argazkiak askotan bisitariekin batera joaten ziren herritik: «inguruko  udalerrietako artxibategietara joan behar izan dut material bila. Asko lagundu didate  eta materiala lortzeko erraz­tasun asko eman dizkidate. Artxibategietako langileez gain, Joxepe Irigaray eta Joxe Etxe­goienek eman­dako laguntza ere azpimarratu nahi nuke. Bi lagun ­hauen gidaritza ezinbes­tekoa izan baita liburu honek argia ikusteko».

HERRITARREN ESKUZABALTASUNA
Artxiboak ez dira izan, ordea, material itu­rri nagusiena «herritarren eskuzabaltasuna azpima­rratu behar da. Leitzako herri­ta­rrek eureen etxeetako ateak­ ireki dizkidate eta argazkiak eta infor­mazioa eskaini». Kon­tuan izan behar da argazki-kamera ez zela denon eskura zegoen tresna «familia batean edo bes­tean asko au­rreztu ondoren argazki-kamera bat erosten zen... baina argazkiak une berezietan bakarrik ateratzen ziren. Familiek ez zituzten gaur egun ditugun argazki bilduma haundi horiek, ezta gu­txiago ere». Ho­rre­gatik argazkiak askorentzat erlikia bihur­tzen dira.
Material hori guztia gizarteratzeko bitartekoa izanen da Leitza argazki zaharretan liburua «lei­tzarrei euren historiaren zati bat bueltatu nahi zaie; beraien iru­diak,­ ezagunenak, bizipenak… erakutsi nahi zaizkie. Batez ere, norberak bere etxean disfrutatzeko, beste garai batzuetaz oroitzeko edota historia barrenean sartzeko; altxorrez jositako liburu bat egin nahi izan dugu».

GARAIA ZEHAZTU
XX. men­de hasieratik erdialdera arteko ­Lei­tzako historiaren bildu­ma da osatu dutena. Argazkien bilketa oroko­rra egin zuten hasieran baina, kopurua handi­tzen zihoala ikusita garaia determina­tzea ezin­bes­tekoa izan zen: «ho­rrela bes­te lanketa ba­tzuk egiteko aukera izan nuen, argazkiekin batera orduko egunkarietan eta artxiboetan jaso­tzen ziren gertakariak bildu eta argazkiekin harre­man­tzekoa. Argaz­ki bilduma izateaz gain, momentuan momentuko bitxikeria eta albisteak ere bildu nahi nituen». Dena den, garaia mugatuta ere, ez da be­rriketakoa izan bildutako argazki kopurua «3.000 argazkitik gora bildu dira eta guzti horien artetik 700 inguru aterako dira liburuan. Aukeraketa egiterakoan ahalik eta ikuspegi zabalena bildu nahi izan dugu».  


HAINBAT BITXIKERIA
Ez dira gutxi izan argazki horien artean aurkitutako bitxikeriak «argazki guz­tiek badute ­berezko berezitasun  hori. Zuri-bel­tzean duela 100 urteko Lei­tza irudikatzen dute: bertan azaltzen diren pertsonak, euren begiradak, momentuan egiten ari direna… hamaika istorio atera litezke argazki bakoitzetik». Besteak beste, emakumezkoen presentzia aipagarria da oso «dan­tzan, antzer­kian, pestan, paseoan, lanean... ageri dira argazki askotan eta ez da ohikoa hamarkada horietan emakumezkoak argazkietan agertzea. Irudi horiek balio berezia dute».
Argazkiak ikusita, inork gutxik­ ezagu­tzen zituen ekitaldien berri ere izan du Julianek «Lei­tzan bertan eski txapelketak egiten ziren. Gaur egun inolaz ere ez nituenak imajinatuko. Dirudienez, trena hartuta  jen­de­tza etor­tzen zen Lei­tzara eskiatzera eta txapelketa hauek jarrai­tzera. Horren erakusle diren argazkiak aurkituko ditu irakurleak liburuan».­

'Leitza argazki zaharretan' liburuko zenbait argazki.


PERTSONAIA HISTORIKOAK
XX.mendeko pertsonaia historiko garrantzi­tsuek ere bisitatu zuten herria «Leitzaundi, Iruñea pare, Ma­drilek ere nahi luke esan izan da, eta argazki bildu­ma honekin ohartu naiz ez dela gutxiagorako. Mende gatazkatsu horretan pertsonaia ugari eta bereziak pasa ziren herritik: Orixe idazlearen bisita argazkietan izateaz gain, Primo de Rivera eta Wuhuko (China) apezpikua zen Vicente Huarteren irudiak ere baditugu».

HERRIAREN ALDAKETA AGERIAN
Begi-kolpe batez nabari dira duela mende bateko Leitza eta gaur egungoaren arteko desberdintasunak «duela 100 urteko herriak ez du deus ikustekorik Sarrio paper lantegia eraiki ondorengoarekin. Kaleak, Plazaola, etxeak, bi­deak... Elizak berak ere aldaketak jasan ditu. Ikaragarri polita da garai ­bateko argazkiak gaur egun­goekin aldera­tzea». Hain zuzen, alderaketa hori egiteko aukera izanen dute herritarrek aste gutxi barru. Maia­­tzean erakusketa osatuko dute Aieneko garbilekuan «osotara 60 argazki egonen dira ikusgai. Garai bateko 30 argazki jarriko ditugu eta gaur egun, toki berean argazkia aterata zer ikusten den jakinen dugu. Batean eta bestean ikusten dena konparatu eta alderaketa hori egitea herritarren esku egonen da gero».
 

LIBURUA MAIATZEAN ESKURAGARRIA
Maiatzaren 26an kaleratuko dute 2015ean ontzen hasi ziren proiek­tuaren emaitza. Leitza argazki zaharretan liburuaren aurkezpena 19:00e­tan izanen da Udalatxean. Ondotik, salgai jarriko dute Maimur eta Astitz liburudendetan 20 euroren truke. He­rria­re­na dena, herriari itzuliz. 

 

Motzean
Elkarlanaren emaitza da liburua...
Gure herrietan batzuetan hain errotuak dauden ­diferentzia ideologikoak alde batera utzi ditu jen­deak eta parez pare ireki dizkidate ateak euren etxeetan dauden argazkiak erakusteko eta biltzeko. Ez da ahaztu behar, bilduma honetan Euskal Herriaren­tzako gogorrak izan diren urteak biltzen direla.  ­Horri ere islada eman behar genion, ahalik eta ikuspegi zabalenarekin, argazki-bilduma hau ­gure historiaren erakusleihoa izatea lortu ­nahi banuen.

• Zein da hurrengo pausoa?
Argazki liburu hau hasiera dela uste dut. Herri batek izan behar duen historia irudikatuaren lehenengo urra­tsa da. Oraindik lan asko dago egiteko, jakin badakit oraindik badaudela argia ikusi ez duten argazki dexentei. Espero dut behin bilduma hau argitaratuta horiek ere azaltzea. Argazkien kontu hau ez baita idazle eta liburu egileen ondarea, baizik eta herri oso batek izan behar duena. Espero dut urteen poderioz, udaleko artxibategian bildu ditugun argazkien kopurua handitzea eta Leitzak berezko fototeka izatea pertsona guztien kontsultarako ­irekia..

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun