Erantzun bikaina izan du etxebizitzari buruzko inkestak Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2017ko mar. 10a, 11:19
Goizuetako etxebizitza batzordeko kideetako batzuk.

309 etxebizitzatan utzi da galdetegia eta %86ak (266) erantzun du

Goizuetako Etxebizitza Batzordearen eskutik etxebizitzari buzuko galdetegia banatu zen etxez etxe eta emaitzak bikainak izan dira. Galdetegiarekin, iritsi nahi zen %90,12rengana iritsi da (309 etxebizitza), eta horietatik %86ak erantzun dute (266).

 

Goizuetako etxebizitzari begira: 47k etxea erosi/alokatuko luketela erantzun dute eta 28 beraien etxe hutsa eskaintzara ateratzeko prest agertu dira (18 udalaren datu basean sartzeko prest daude).

Lokalei begira, 13k lokala behar dutela erantzun dute eta 8 eskaintzara ateratzeko prest agertu dira (5 udaletxearen datu basean sartzeko prest). Galdetegiari erantzun diotenen artean 233 herrian bizi dira eta horietatik 211 gustura gainera. Etorkizunean ere Goizuetan biziko lirateke 186. Kanpoan bizi diren 38 lagunetatik (horietatik 30 lanarengatik), be­rriz, 15 etorkizunean he­rrian biziko lirateke.

Goizueta bizileku bezala hobetzeari begira, ekarpen asko jaso dira. Hauen artean, herrian lana sortzea, zerbitzuak hobetzea (batez ere arraindegia beharko litzakeela aipatzen dute), etxebizitza prezioak jaistea eta gazteei laguntzak ematea eta errepidea hobetzea.

Inkestaren emaitzak eta egoera aurkezteko Nafarroako Gobernuarekin eta Nasuvinsarekin bildu nahi du Udalak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun