19 urte profesionaletan egin ondotik pilota utziko du Abel Barriolak

Ttipi-Ttapa 2016ko abe. 2a, 12:49
Hainbat pilotariren babesa izan du Abel Barriolak agurra iragarri duenean.

Binakako txapelketa bukatutakoan hartuko du erretiroa pilotari leitzarrak eta omenaldia eginen diote apirilaren 16an

19 urtez frontoietan hara eta hona ibili ondotik, pilota uztea erabaki du Abel Barriola pilotari leitzarrak. Erretiroa, hala ere, ez du berehala hartuko, binakako txapelketa bukatzen denean baizik, udaberrian. Hala jakinarazi du abenduaren 2an, ortzirale goizean eskainitako prentsaurrekoan.

 

Aspek beste urte bateko kontratua eskainia zion, baina erabakia hartua zuen dagoeneko Leitzakoak: «Txapelketarako proposamena egin zidatenean argi ikusi nuen une egokiena zela».

Abel Barriolak onartu du fisikoki ongi dagoela oraindik, eta gorputzaldi horretan erretiratu nahi duela frontoietatik. Urte hauetan guztietan bere ondoan izan direnak izan ditu gogoan: zaleak, Leitzako herria, EITB, enpresa eta pilotariak. «Gaur naizena izaten lagundu didaten guztiei eskerrak».

Betidanik izan duen ametsa, pilotari izatearena, betetzat eman du leitzarrak. Badu, baina, hutsune bat, aitak profesional gisara jokatzen ikusi ez izana. Kirol une bat aukeratzeko eskatuta, berriz, banakakoa irabazi izana goraipatu du. «Txikitatik nuen amets banakakoa irabaztea».

Orain, dena den, binakako txapelketa du buruan, profesional gisara jokatuko duen azkena izateak izaera berezia emango dio: «Txapelketa honetan nago zentratua, eta ez dut besterik buruan. Etorkizunean, etorri beharrekoa etorriko da». Pozik da, gainera, egokitu zaion bikotekidearekin, Altuna III.arekin, «plazer handia izango da Jokin Altunarekin jokatzea. Belaunaldi berria dator».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun