Amazabal pilotalekua Leitza eta Aresoko produktuen erakusleihoa izan zen igandean

Ttipi-Ttapa 2016ko aza. 15a, 11:47
Bertako ekoizleek sasoiko produktu ugari eraman zituzten azokara.

23 salmenta-postuk, animaliek eta hegaztiek osatu zuten azoka

Leitzako Udalak eta LeitzEKo kontsumo taldeak elkarlanean, bertako produktuen II.azoka antolatu zuten azaroaren 13rako. Euria goian behian ari zuenez, plazatik aterpera eraman zuten azoka eta Amazabal pilotalekuan jarri zituzten salmenta-postuak. Iaz bezalaxe jendetza bildu zuen, Leitza eta Aresoko ekoizleen sasoiko produktuak, gozoak... eta bederatzi baserritatik eramandako animali eta hegaztiak ikustera. Horretaz gain, salda, haragi egosia, txerria burduntzian eta taloak jateko aukera izan zen eta baita bertako sagardoa edatekoa ere.

 

Iaz antolatu zuten estreinakoz azoka, bertan eta bertakoa modu arduratsuan kontsumitzea bultzatzeko asmoz. Aurten Leitzako ekoizleez gain aresoarrak ere gonbidatu dituzte eta hauek herriko zenbait ekoizleren produktuekin hiru postu jarri zituzten. Uzta ederra ikus zitekeen: porruak, kalabazak, banabarrak, intxaurrak, mizpirak... eta baita bertako ekoizleek egindako eztia, gozoak, marmeladak, gazta... ere. Salmentarako jarri zituzten gehienak, eta tartean hazi berezietatik lortutako zenbait ale ere ikusgai jarri zituzten: Argentinatik ekarritako kuiatxoak, banabar mota desberdinak, barazki galantak.... Horretaz gain, oilar eta oiloak, untxiak eta akuriak ere jarri zituzten aterpean. Kanpoaldean berriz, Villabona eta Saralegi talogileak eta txerria burduntzian prestatu zuten Atekabeltzeko kideak zeuden. Baita behorrak, pottokak, sasi ardiak, ardi mutur-beltzak, zerria, astoak eta antzarak ere.

Antolatzaileek azokaren balorazio oso ona egin dute «jende asko erakarri zuen azokak eta ekoizle, herritar eta bisitarien artean hartu-emana sortu zen». Eta harreman horrek urte osoan zehar segida izan dezan, bertako ekoizle guztien telefono eta helbideak biltzen dituen esku-orriak banatu zituzten.

Azaroaren 10ean Atekabeltzen elikadura burujabetzari buruz eman zuten hitzaldiak ere interes handia piztu zuen. Ekimen guzti hauek ekoizle zein herritarren artean piztu duten ilusioa ikusita, Udalak bertako produktuen inguruko mahaia martxan jartzeko asmoa du, honen inguruan solasteko azaroaren 24an 19:00etan bilera irekia antolatu dute Udaletxean.  

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun