Manuel Lasarte bertsolariak herritarren omenaldia jaso du

ttipi-ttapa 2006ko mai. 4a, 14:48
Manuel Lasarte udaletxeko eskaileran behera, erakusketa bisitatu ondotik. TTIPI TTAPA

Martxoaren 5ean ekitaldi xume bezain hunkigarria egin zioten

Manuel Lasarte Arribillaga, 1927ko abenduaren 16an Franki baserrian jaiotako bertsolari apartari omenaldia eskaini zion Leitzako herriak martxoaren 5ean. Hamabi urte zituela, familiarekin Gipuzkoako Aiara joan eta gero Orion bizitu baldin bada ere, Leitza beti gogoan duela aipatu ohi du behin eta berriz Lasartek. Herrian ere ez dute ahazteko, eta horren erakusgarri izan zen omenaldi ekitaldia.

Eguerdi partean, Karrapean ohorezko makila eta argazki bat jaso zituen. Aurreskua dantzatu zioten eta gero, bertso batzuk ere kantatu zizkioten Erleta bertso eskolako ikasleek. Abesbatzak, txalapartariek, txistulariek eta beste hainbat herritarrek ere parte hartu zuten ekitaldian. Ondotik, Lasartek berak hitza hartu zuen eta eskerrak eman zizkien bildutakoei. Gaztetxoek eskainitako bertsoak gogoan, lehen eta orain bezala, gero ere bertsoak bizirik iraunen duela ziurtatu zuen. Ehun lagun bildu ziren Lasarterekin bazkaltzera, eta bazkalondoan, Xebastian Lizaso eta Andoni Egañak bertso-saio ederrak egin zuten.

Erakusketa zabalik

Joan den urteko urritik Euskal Herriko zenbait herritan erakusgai egon ondotik, bere sorterrian martxoaren 4tik 26ra bitartean ikusgai egonen da «Manuel Lasarte: bizitza eta sorkuntza» izeneko erakusketa. Kultur Taldearen ekimenez, udaletxean ikusgai dago astegunez eta larunbatetan, 18:00etatik 20:00etara eta igandetan berriz, eguerdi partean, 12:00etatik 14:00etara. Antolatzaileen esanetan, «adineko jendeak ezagun du Lasarte, bere lana eta bizitza, eta bertsogintza ere, baina gazteagoek ez. Orduan, hori ezagutzeko bide bat da erakusketarena». Erakusketa hau Iñaki Hernandezek, Iñaki Zubizarretak eta Julian Belokik prestatu dute. Erakusketaren barrenean, martxoaren 17an, ostiralean, hitzaldi eta mahaingurua izanen da 19:00etan pleno-aretoan, Lasarteren bertsogintzaren inguruan, besteak beste bere zuzeneko ezagutza dutenen testigantzarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun