Doneztebeko besta ttikiak irailaren 20an eta 21ean ospatuko dituzte

Erabiltzailearen aurpegia xabiertxo 2019ko ira. 18a, 20:00
Santa Luzia plaza inguruan gau giro ederra izanen da ortziralean eta larunbatean.

Ortzirale ilunabarrean botako dute txupinazoa baina aitzinetik ere besta giroa nagusituko da

Bertze urte batez, egitarau oparoa prestatu du Gazte Burrunba Kultur Taldeak besta ttikiak ospatzeko. Bi egunez, irailaren 20an eta 21ean, ez da ekitaldirik faltako.

Ortziralean, irailak 20, herriko dantzari gazteen emanaldiarekin hasiko dira besta ttikietako ekitaldiak. 17:30ean egina dute hitzordua, Santa Luzia plazan. 18:00etan erremonte partidak jokatuko dituzte eta aipatzekoa da, protagonistetako bi bederen herritarrak izanen direla: Julen Larretxea eta Aimar Jabalera. Azken asteotan profesionalekin partidak jokatzen ari dira bi gazteak.

18:30ean buruhandiak herrian barna ibiliko dira eta 20:30ean botako dute besta ttikiei hasiera ofiziala emanen dien txupinazoa. 21:30ean zopak eskainiko dituzte eta eguna borobiltzeko, 00:30ean Alerta Gorria taldearen emanaldia izanen da eta ondotik Tirri & Tery ariko da.

Larunbatean, 10:00etan gaiteroak karrikak alaitzen ibiliko dira. Eurekin batera buruhandiak ere herrian bueltaka ibiliko  dira. 14:00etan zikiro jatea eginen dute eta ondotik, bingo musikatua eginen dute.

16:00etan haurrendako puzgarriak paratuko dituzte Bear Zana pilotalekuan eta 18:00etatik aitzinera Matraka elektrotxaranga arduratuko da bazterrak girotzeaz. 20:00etatik 21:30era Oharkabe taldearekin dantzaldia izanen da plazan. 00:00etan Pleura taldeak joko du eta ondotik berriz Oharkabe taldeak hartuko du lekukoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun