Sutondoan

Erabiltzailearen aurpegia

Batzuetan erraietan bizi naiz. Azken aldian buruan nenbilen ostatu hartzeko saiakeretan. Baina bihotzera joatea erabaki nuen. Aspaldian ikusten zintudan pasadan. Nire bihotzak egongelatxo bat dauka, eta egongelatxo horrek leiho txiki bat. Eta bertatik ikusten zintudan. Inpultsu batek eraman ninduen dei egitera, eta bertara gonbidatu zintudan. Hantxe geunden biok parez pare, egongelatxoan. Izotza gainetik kendu genuen, sutondoan. Oroitzapenak bata bestearen segidan etorri ziren.

Zure aurpegian marraztutako irribarretxoak adierazi zidan zein ongi egin nuen bihotzera jaisten eta bertan ostatu hartzen, denboralditxo batez behintzat. Goxoa da bertan egotea, eta goxoa ingurura begiratzea. Goxoa aspaldian izan ez genuen elkarrizketa edukitzea, eta hitz atseginez janztea. Goxoa da lagun egitea. Eta goxoa distantziak hoztutakoa berotzea. Batzuetan buruan bizi naizelako, eta besteetan erraietan. Zu, batzuetan, bihotzeko penetan. Eta ez zaitut ikusten egongelako leihotxora hurbiltzen ez banaiz.

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun