Informazio pertsonala sarean

Erabiltzailearen aurpegia

Amazonen sartu zara, zure gustuko idazle horren azken liburua erosteko asmoz. Zure harridurarako, ez duzu bilaketarik egin behar izan liburua aurkitzeko, lehenbiziko orrian agertu baitzaizu, bista-bistan. Une batez, pentsatzen jarri zara kasualitate hutsa izan ote den, edo, egia ote den, esaten duten bezala, sarean uste baino kontrolatuago gaudela. Kezka berehala burutik kendu eta erosketarekin jarraitu duzu.

Interneten bitartez egiten dugu, gaur, ia dena. Gure informazio pertsonala plataforma horien atzean dauden erakundeei oparitzen diegu. Eta badago haiei bereziki gustatzen zaien informazio mota bat: zer atsegin dugun. Honez gero, konturatuko zinen edozein webgunetan aurki dezakegula 'atsegin dut' botoi ospetsua. Facebooken zein liburu eta zein telebista programa atsegin ditugun adierazten dugu harro. Gustatu zaizkigun bideo eta abestiak ere berehala markatzen ditugu Youtube eta Spotify-n. Informazio hori biltzen duenak eskura dauzka milioika lagunen gustu eta ohituren informazioarekin eraikitako gure profil birtualak.
Horren adibide ezagunena, beharbada, Facebook eta Cambridge Analytica enpresen eskandalua izan zen. Facebooketik lapurtutako informazioa erabili omen zuten, AEBko hauteskundeetan, Donald Trumpen aldeko kanpaina egiteko. Bakoitzari bere pentsamoldearen arabera egokitutako publizitatea egin zioten, antza. Bistakoa denez, arrakasta izan zuten. Kasu hartan jendeak argi utzi zuen ez zegoela datu pertsonalak baimenik gabe erabiltzen uzteko prest, iskanbila nabarmena eragin baitzuen albisteak.
Horregatik iruditu zait hain larria egun hauetako albistea: Espainiar Estatuko alderdi politikoek eskubidea izango dute, legez, sare sozialetako erabiltzaileen datu pertsonalak bildu eta beren kanpainetan erabiltzeko. Herritarren alde egin behar luketen horiek boto-emaile huts bezala ikusten gaituzten bitartean, sarean zabaltzen dugun informazio pertsonalaz kontziente izan, eta zabaldu nahi ez duguna guretzako gordetzen ikastea besterik ez zaigu gelditzen.

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun