Klima aldaketa

Erabiltzailearen aurpegia Ruben_Garate 2016ko api. 8a, 12:29

1996. urte ingurua zen, Iruñean Turismoa ikasten nuenean. Geografia irakasle batek, gaian aditua nonbait, klima ez zela aldatzen erran zigun, «horiek zer egin ez dakien jendearen tontake­riak direla». Garai hartan klima aldaketa zetorrela erraten zen, dena aldatzen ari zela eta bertze hain­bat eguraldi iragarpen… Nik ez nekien egia ote zen edo ez, baina nire eta bertze aunitzen ikuspuntutik, ez dute zerikurisik lehen izaten genuen eguraldiak eta oraingoak. Non daude etxeen teilatuetatik zintzilik gelditzen ziren hormaziri haiek, eskolarako bidean zurrupatu edo makilekin xilofonoa bezala hausten genituenak? Edo herriko edozein maldatan plastikoa hartu eta eski pistetan goitik beheiti nola ibiltzen ginen… Eta hori ez egun batean edo bitan. Gaur egun, hori egiteko gure inguruko gailurretara igan behar dugu. Baina zerbait aldatu da, ez da berdina, lehen lagunekin eta kuadrillarekin egiten baikenuen eta gehiago gustatzen zitzaigun. Eta hori gaur egun… Hemendik urte batzuetara mugikorrera jausten dugun app baten bidez egin beharko dugu, beharbada. Ez dakit klima aldaketa, eguraldi aldaketa edo zer den, baina ez da lehengoa, inondik inora.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun