Mari eta 'First Lego League'

Erabiltzailearen aurpegia

Irailaren 23an, goizean, 09:50ean, Udazkeneko Ekinozioa gertatu berri da, urtaro berria estreinatu dugu. Ikasturte berria martxan, proiektu berriak martxan familia zein ikasleentzat, eta oro har, udako eguneroko martxa eroei orden pixka bat emateko urteko sasoia iritsi da.

Zeruan ere, aldaketak ditugu. Udako Triangeluak nagusitasuna galduko du Casiopea Erreginari bidea libre utziz. Denbora-ordena paratzeko erabili ohi zituzten konstelazioak gure arbasoek. Eurek bazekiten izar jakin bat edo bertze ikusi ahala eguraldiak nora joko zuen, edota zer landatu behar zen. Konstelazioak, jakin badakizuenez, izarrek osaturiko formak dira, gizakion irudimenez jantzitakoak. Nolabait ere, zeruko mapa bat osatzen dute, eta Nazioarteko Astronomia Elkargoak zerua gaur egun 88 konstelazio ofizialekin banatzen badu ere, kultura bakoitzak bereak ditu. 
Zenbait euskaldunek Casiopea zegoen tokian Mariren Baratzea irudikatu zuten. Nik bi mendi ikusten ditut zonalde horretan, eta irudimenarekin jolasean jarraituz, First LEGO League-ko logotipoarekin hasi naiz pentsatzen, zerua behatu dudanean. 

«Gakoa gure planetari nolako haurrak utziko dizkiogun da».


First LEGO League ikasle gazteak zientzialari eta ingeniari moduan pentsatzera eramanen dituen erronka da, ingurua behatuz eta irudimena erabiliz robotikaren bitartez mundua aldatzeko gonbita egiten duena. Parte hartzeko, ikasleak taldetan bilduko dira eta zenbait hilabetez proiektu zientifiko bat garatu beharko dute. 
First LEGO League Nazioarteko ekitaldia den arren, estatuko eta eskualdeko faseak ditu. Nafarroako txapelketa Iruñeko Planetarioak antolatzen du, eta lerro hauen bitartez,  6-16 urte bitarteko ikasleak parte hartzera animatu nahi ditugu.  FLL Erronkak urtero gai bat plazaratzen du, eta aurten hiria edo herriak eraldatzeko eskatuko zaie ikasleei: Nola sor ditzakegu bizi eta lan egiteko inguru hobeak? Eraikin zein herrien hazkuntza, eboluzioa eta aldaketa aztertu dute taldeek eta ondotik, epe luzerako proposamen berritzaileak plazaratu beharko dituzte lan egin eta bizitzeko tokien hobekuntza sustatzeko. Hori guztia gaur egungo baliabide eta teknologiak erabiliz. 
Mariren baratzea zeruan utzi dugu, baina gaur egun zenbait pisutan baratzeak balkoietan jartzeari ekin diotela ikusi dugu. Robotikarekin, adibidez, baratze horien emankortasuna hobetzeko gai izanen gara? Behin bati entzun nion: «Gakoa ez dago gure haurrei zer nolako mundua utziko diogun pentsatzean, gakoa gure planetari zer nolako haurrak utziko dizkiogun pentsatzean dago». 
Udazken on!

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun