erran.eus

Nafarroako espaziotik hurbil

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

Pasa den urri bukaeran, iGEM izeneko Biologia Sintekikoaren Mundu mailako Jardunaldietan, zortzi gazte nafarrez osatutako taldearen Biogalaxy proiektua saritua izan da DBHko kategorian. Aurkeztutako lanaren muina honakoa da: landareetatik almidoia kantitate handiagoetan eta egun egin ohi den baino era merkeagoan ateratzea lortu dutela. Modu horretan, landare horiek etorkizunean eginen diren bidaia-espazialetarako baliabide arras egokiak izanen dira bai eskifaiaren bazkariak egiteko, baita espazioan sendagaiak ekoizteko ere.


Taldea osatzen duten lau neska eta lau mutilek ez zuten elkar ezagutzen lanean hasi aitzinetik, eta hori izan da, nolabait ere, STEM Planetaren 'esperimentua'. Nafarroako Gobernuak zientzia, ingeniaritza, teknologia eta matematiketan bokazioak sustatzeko martxan jarri duen hezkuntza programa da STEM Planeta (diziplina horiek ingelesezko  STEM sigletan biltzen dira). Iruñeko Planetariotik koordinatzen da eta horren bidez etorkizuneko ikasketak erabaki aitzinetik, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako ikasleak ikasketa horietara hurbiltzeko ekimenak jartzen ditu martxan: tailerrak, hitzaldiak, Bertsozientzia, robotika eta zinema uztartzen dituen zikloa…

Iruñeko Planetarioak 25 urte bete ditu aurten eta hori ospatzeko, besteak beste, Mikhail Kornienko kosmonautaren bisita jaso du. Ekitaldira bertaratutakoek zuzen-zuzenean bere testigantza espaziala entzun ahal izan zuten eta galderak egin zizkioten. Kornienko behin baino gehiagotan izan da Nazioarteko Egoitza Espazialean, gure mundua inguratzen duen eta gizateriak inoiz eraiki duen nabe-laborategi handienean. Bere azken misioa erabat ezohikoa izan da, urte oso batez egon baita Lurra orbitatzen –misio arruntek sei hilabateko iraupena izan ohi dute–.

STEM Planetak, aurten, Fisrt Lego League jaialdia antolatuko du. Aurtengo gaia Into Orbit da, eta beraz, aurkeztutako lanek espazioarekin zerikusia izan beharko dute. Proiektuak euskaraz eta gaztelaniaz aurkeztu ahalko dira eta oraindik izena emateko epea zabalik dago. Abenduaren 1ean, inspirazio-saioa eginen da planetarioan, eta espazioarekin zerikusia duten hainbat aditu izanen dira ikaslegoaren eta  publikoaren galderak erantzuteko prest. Azaroaren 30ean, bestalde, Euskal Wikilarien Elkartearekin batera emakume-astrokosmonauten inguruko saioa eginen da Euskaraldiaren barne, eta hurbiltzen direnek wikipedia editatzen ikasiko dute zientzia-gaiak eskuartean darabilten bitartean…

Honen guztiaren ondotik, astronauta euskaldunen bat orbitan paratzea lortuko ote dugu? Polita litzateke etorkizuneko ekitaldiren batera astronauta bat etortzea, eta bere hitzaldia errusieraz edo ingelesez beharrean, euskaraz aditu ahal izatea. Orbita ona izan dezazuela!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa