Hauteskundeen aitzinetik

Erabiltzailearen aurpegia

Ez da oraindik maiatzaren 26a ailegatu nire bizitzara. Lehenagotik ari naiz. Horregatik, ez dakit zer gertatu den hauteskundeetan. Hegoaldeko partetik ari naiz; konprenituko didazue. Orain idazten ari naizen lerro hauek paperean irakurtzeko tenorean, nola egonen ote naiz? Kontent ala kezkaturik? Etorkizuna argi edo ilun ikusiko ote dut? Zuk jakinen duzu orain. Zer atera da? Idiskoa ala urrixa?

Hiru hauteskunde klase oraingoan. Alde batetik, Estrasburgo. Harat ere bidaliko omen dugu jendea gure boto-paperarekin (horrat bai: Iparraldetik eta Hegoaldetik). Ez dakigu sobera garbi non dagoen, eta gogoa ematen digu paso egiteko, baina erabaki arrunt garrantzitsuak hartzen omen dituzte han. Zer ote dakite gutaz? Nola ikusten ote gaituzte handik? Ikusten baldin bagaituzte… Hain ttikiak gara!Iruñea diferente da. Belate pasatu behar bada ere, gaur egun hango Parlamentuan zer eguraldi egiten duen, hemen ere segituan sumatzen dugu. Ez guretzat bakarrik; Espainiarentzat ere hagitz inportantea bide da Nafarroan gertatzen dena. Horregatik, Madril ere urrunxko egonagatik, handik uste handiko politikariak etorri dira kanpaina egitera, euren presentzia hurbilarekin jendea konkistatu nahizik. Izan ere, Iruñean, denoi eragiten diguten afera potoloetan, gutti aski da balantza alde batera edo bertzera mugitzeko. Parean samar zuriak eta beltzak. Indarrak pilatzen eta jokatzen hobekien dakienak irabazten du.

«Halako kargu eta kargarik ez dugunok ere badugu zer egin»


Eta zer dugu hurbilenekoetan? Gure udaletxeetan nork gobernatuko du orain? Badakit gure eskualdeko leku batzuetan ez dela inor prest agertu hautagai izateko. Entenditzen dut ez direla kondizio berberak izaten herri handi eta txikietan. Ordu franko sartu beharko dira, eta aunitzetan musu-truk. Nork jasan pisu hori? Edo nola partitu zama?
Tentazioa izan dut eskutitz bat idazteko hemen, orain sartzen diren alkate eta zinegotzi berriei, nik zer nahiko nukeen adierazteko, Olentzerori edo dena delakoari Eguberrietan egiten zaion bezalaxe. Baina utziko ditut bakean; eurek jakinen dute. Ea lau urteren buruan satisfos gelditzen diren euren buruarekin, lortu dutenarekin, eta ea jende gehiena ere konforme samar uzten duten.
Zer garen eta zer izan nahi dugun, gure argazki moduko bat egiten digute hauteskundeek. Bertan ageri gara botoa eman dugunok. Baina botorik eman ez dutenak ere hortxe daude, ikusi nahi izanez gero; horiek ere kontuan hartu behar, nahitaez. Zorionez, mundua ez da fini trono eta aulki berezi horietan bat edo bertzea jartzeagatik. Bada non aritu hortik aparte; halako kargu eta kargarik ez dugunok ere badugu zer egin: gure ingurumena, gure lana, gure hizkuntza, gure osasun sistema, gure hezkuntza, gure errepideak, gure pentsioak, gure garraiobideak eta gainerakoak hobetu nahi baditugu, ezin gara gelditu ez horietara ez zerura begira.

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun