Baztan

Erabiltzailearen aurpegia

Duela gutti Baztan filma eman zuten telebistan, 2012an estreinatua. Agoteek Baztanen jasan zuten diskriminazioa da filmaren ardatza, eta planteamendu bitxi batekin, bi istorio paralelotan kontatzen du: bata, XVII. mendean gertatzen da, agoteen aurkako jazarpena puri-purian zegoenean. Bertzea orainaldian garatzen da. Agoteak dira protagonista, baina filmak, zeharka, bertze hainbat kontu erakusten ditu: XVII. mendeko antolaketa soziala eta gatazkak, Inkisizioa… eta bada bertze kontu bat segur aski modu oharkabeagoan pasatzen dena, hagitz naturalizatuta baitago.

Hizkuntzaren egoera da. XVII. mendean baztandar guziak euskaraz bertzerik ez dira mintzo –hor ez dago bereizkeriarik agoteen eta bertzeen artean–, eta inkisidore espainiarra bailarara ailegatzean, alkateak, apaizak eta Urtsuako jaunaren anaiak baino ezin diote ulertu. Orainaldiko istorioan, berriz, baztandar aunitz gaztelaniaz aritzen dira, baita haien artean ere. 400 urtetako jauzi bat dago bi istorioen artean, hizkuntza egoeraren aldaketa horren artean. Espainiako Estatuak sustatu duen ikuspegi nazionalistaren arabera, eboluzio bat izan da hori; baztandarrak inkomunikaziotik eta analfabetismotik atera dira gaztelania ikasi dutelako, nahiz eta batzuek euskara ahantzi. XVII. mendean herritar gehienek ez zekiten ez irakurtzen, ez idazten. Gizartean mailaz igo nahi zuenak edo goitiko mailan zegoenak ezinbertzean jakin beharra zuen guttienean irakurtzen, eta Espainiako Erresuman baimenduta zegoen hizkuntza formal bakarra gaztelania zen, euskal herritar gehienentzat arraroa eta arrotza zen hizkuntza. Euskararen bazterketak arrazoi etnikoa eta klasista zituen. Espainian estatu liberala ezarri zenean, identitate nazional espainola inposatzeko helburua hartu zuen, eta, horretarako, espainol-gaztelarra ez ziren hizkuntza guziak desagerrarazten saiatu zen. Modu bat izan zen hezkuntza unibertsalizatu eta gaztelania inposatzea hizkuntza bakartzat. Gaztelaniaz tutik ere ez zekien eta hizkuntza hori deusetarako behar ez zuen jendea egun batetik bertzera gaztelania hiztun bihurtu zen, eta herri aunitzetan euskara desagertzen hasi zen. Horrela pasatu zen katastrofea: Nafarroa Garaian, XIX. mende hasieran herritar gehienak euskaldunak ziren; mende berdinaren bukaeran, ordea, ez. Hainbertze borrokatu eta hainbertze odol isuri ondotik euskara administraziora, hezkuntzara eta produkzio kulturaletara ailegatu zenerako, baztandar guziek aspaldi zekiten gaztelaniaz. Nazionalista espainol bati eboluzioa eta bedeinkazioa idurituko zaio hori. Euskal nazionalista bati inposizio bidegabea eta akulturazio prozesua iduritu beharko litzaioke. Bidezkoena litzateke Madrildik erregearen, presidentearen edo dena delakoaren ordezkari batek Baztanera etorri beharko balu, euskaraz egin behar izatea baztandarrei. Edo, akaso, hobe horrelako inor ez etortzea, eta tokian tokikoak bakean uztea kanpoko hizkuntzarik inposatu gabe.

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun