erran.eus

Dragoi Bolaren belaunaldia

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

1990eko hamarkada hasieran Euskal Herriko milaka eta milaka haur ilunabarrero paratzen ziren telebista aitzinean Son Gokuren abenturak ETB1en ikusteko. Garai hartan munduan zeuden marrazki bizidun arrakastatsuenak euskaraz jaso zituen belaunaldi guzi batek, eta, horregatik, gutti izanen dira gaur egun dragoi bolak aipatu eta zer diren ez dakitenak.

Belaunaldi guztiek izan ohi dituzte erreferente eta sinbolo partekatuak, eta, dragoi bolak, garai baten sinbolo bihurtu ziren. Hogei urte baino gehiago pasatu dira ordutik, eta telebistaren aitzinean paratzen ziren haur haiek bizitza esperientzia koxkor xamarra bildu dute. Denetarik eta behar baino gehiago izan duela adituz hazi den belaunaldi bat izan da. Analogikokoentzat mundu digitalekoa den belaunaldia, eta mundu digitalekoentzat analogikokoa dena. Internetera garaiz ailegatu zen belaunaldia, baina lagunak non zeuden jakin ahal izateko herrian barna bizikletaz buelta eta buelta ibiltzea zer den ezagutu duena. MTV rock gogorraz jabetu zen garaia egokitu zitzaiolako, bere burua euskal rock erradikalaren prestigioa txikle bat bezala luzatzera behartuta ikusi duen generazioa. Ikastolako mapetan egun batetik bertzera U.R.S.S. erraldoi hura nola desagertu zen ikusi zuen belaunaldia, nahiz eta oraindik ez zuen ulertzen zer aldatu zen, ezta zer etorriko zen ere. Bologna aitzineko unibertsitate tituluarekin edo gabe, merkatu neoliberalean erdipurdiko bizitza bat eramateagatik eskerrak eman behar dituela irakatsi zaion belaunaldia. Poliziaren borrak, pilotakadak, kontrolak, komisariak, plastiko poltsak eta kartzelak ezagutu arren, bere borrokak eta ekintzak oker handi bat izan direla adituz heldu egin den belaunaldia. Aitzineko belaunaldien epikarik ez duela erran zaion generazioa, eta, hortaz, ondorengoek ereduzko deus ikusten ez diotena. Bai borrokara, bai bakera berandu ailegatu den belaunaldia. Baina telebista piztu, eta, kasualitatez, haurtzaroko atal zahar haiekin topo egiten duenean, zaharragoek eta gazteagoek ez dituzten oroitzapenak etortzen zaizkio gogora. Akaso, ez du lortu zazpi dragoi bolak biltzea, baina egindako bidea ez da alferrik izan, eta urratzeko aunitz dago oraindik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa