Egotetik egitera klika

Erabiltzailearen aurpegia

Eskutan duzun aldizkariaren izena gehien errepikatuko den astea ailegatu hurren dugu: hemen gaude… euskararen alde! Zenbat aldiz oihukatu(ko) ote dugu lema hori, zenbat aldiz erran ote dugu euskararen alde gaudela, baina zerbaiten alde egoteak, zer erran nahi du? Zer eskatzen digu norbanakooi zerbaiten alde egoteak?

Izan ere, arras erraza baita euskararen alde egotea. Egoteak ez baitu deus eskatzen, egonean dagoenak, ez du deus egiten. Euskararen alde egotetik, euskararen alde egitera pasatzeko tenorea dugu, gaur egun euskararen alde baitago mundu guztia, Amets Arzallusek erran bezala, euskararen heriotza diseinatu eta praktikatu zutenak ere, euskararen alde daude. Erraza baita euskararen alde egotea.
Txillardegik, aurtengo Korrikaren omenduak, Euskal Herria pentsatzeko eta egiteko bertze modu bat ekarri zuen, galtzen ikusten zuen herri baten kontzientzia piztu zion euskarak. Euskara erakutsi ez zioten familia batean sortu zen. Koxkortu ahala ordea, etxean arrotz sentiarazi zuten hizkuntza horren beharraz jabetzen hasi zen. Horretan gainera, gure eskualdeak izan zuen eraginik: Igantzin pasatu zituen oporraldietan euskara aditzen zuen, baserri batera sagarrak ebastera joan eta baserritarrak harrapatu zielarik,  eskolako lagun sunbildarrak lasaitu omen zuen arras koleratu zen baserritarra. Bi pasadizo hauek, gerora berak aitortu izan zuenez, eragina izan zuten pentsalariarengan.

«EUSKARAREN ALDE EGOTEA ERRAZA DA. EGOTEAK EZ BAITU DEUS ESKATZEN»


1929an erdaldun sortu zena, 1947an bere baitatik euskara ikasi eta euskaldun bihurtu zen. Berari zor diogu euskara herrigintzaren erdigunean paratu izana. Herri hau egiteko euskara beharrezkoa zela azpimarratu zuen, euskararik gabe herri honek Euskal Herri izateari utziko baitzion, eta baitio, doike. Euskarak ematen baitio gure herriari nor izatearen izena eta izana. Hizkuntzak egiten du herria, eta hizkuntzak egiten gaitu gu. Euskarak egiten gaitu euskaldun, egiten duguna gara. Lorea Agirrek 2015eko Korrikako akabailan erran bezala: egiten duguna gara. Izatea egitea da. Eta egiteko hautatu egin behar da.
Hautatzeko gutienez bi aukera izan behar ditugu, bakarra duenak ez baitaki zer den hautatu behar izatea, dakien horixe egiten du, eta dakien horixe eginarazten du. Hautatzeko aukera duenak, bat hautatzen duelarik, bertzea bazterrean uzten du. Espainola edo frantsesa hautatzen duenak, euskara ez hautatzea erabaki du. Euskararen alde dago, baina erdaraz egiten du.
Alde egotea erraza baita. Egonean dagoenak ordea, ez du egiten. Izan nahi duenak eginen du, eta gu euskaraz gara.

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun