Bigarren etxea

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

Gaur mendian ibili naiz eta behiak ikusi ditut susara, bat ia gainera etorri zait! Ardiak kaskamotz, putreak apal-apal hegaka, hagitz hurbil; ahuntz ttikiak belarrik zaporetsuenak patxadaz aukeratu eta ñam-ñam gozatzen, txori arbolaigotzaileak, sugandilak, kolore biziko tximeletak, loreak... Aspaldiko partez eguzkia atera da eta natura ere kontent dago. Oinutsik ibili naiz belarrean, zuhaitza besarkatu dut, bere kontra egon naiz jarrita. Hazia dago belarra, egun pilatako euria edan du. Zenbat gauza dagoen, begiratuz gero! Mendia bigarren etxe sentitzen dut, babesleku. 'Txori eta loreei buruz idaztea' esaldia erabiltzen da deus ez erratea delakoan. Baina gehiago idatzi beharko genuke horietaz, gehiago begiratu, egon naturan. Denbora ere bere onera etortzen da bertan; ez da hain agudo pasatzen. Ohartu ala ez, natura gara. Orduan, zergatik kentzen zaio garrantzia? Zer da garrantzitsuagoa?

Infinitua

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

Denbora ez da bat, bi, hiru, lau... Baina iraun­gitze data dute kotxeek. X kilometro, X urte. Telefonoak ere denbora zehatz baterako programatzen dituzte. Denbora ez da bat, bi, hiru, lau... Hori denbora erritmikoki kontatzea da. Timothy Morton filosofoak dioen bezala, unibertso osoan bila dezakezu seinalatzeko zerbait, denbora deitzen ahal diozuna. Ez duzu aurkituko, egitan seinalatzen duena denbora bera delako. Denbora ez da bat, bi, hiru, lau... Baina zer da infinitua? Izanen zinateke hilezkorra aukera emanen balizute? –Ez. Orduan bizitzak ez luke zen­tzurik izanen. Beti ni izaten? Aspertuko nintzateke, nazkatu... Nahiago zuhaitz bat izan. –Ba ni bai. Jakinmin handia dut eta badakizu zenbat ikasiko nukeen? 0tik hasten ahalko nintzateke hainbat aldiz, pertsona bezala garatu eta hobetu... –Denbora ez da bat, bi, hiru, lau... Baina infinitua baino nahiago 500. Edo 100. 100 urte bizita konforme ;-)