Gaur eta gero, guretik

Erabiltzailearen aurpegia

Guatemalara bidean abiatu ginen, Aste Sainduko turista artean kamuflatuta, laukote urduri bat: Tafallako Ikastolako zuzendaria, Isabel Arias, bertako irakasle den Iñaki Gil, Iñaki Gonzalez Aretxabaletatik, Arizmendi Ikastolako irakaslea, eta ni Garabidetik. Talde ttiki bitxia: bat egoera soziolinguistiko zailean sortu eta hazita ere heldutan euskaldundutakoa, bertzea guraso euskaldunik gabe euskararen arnasgune batean hazitakoa eta bertze hamaika aldagai bizipenak hainbat talaiatatik gorpuzteko: hiria eta herria, adina, generoa...

Hango hizkuntza eragileek deitu gintuzten eta gu joan aitzin prestatzen saiatu ginen: adibidez, bagenekien Guatemalan 25 hizkuntza daudela aitortuta gazteleraz gain eta kaqchikelak milioi erdi (Guatemalako populazioaren %2,9) hiztun dituela. Bagenekien, dena den, gehiena ikasteko genuela. Ailegatu ginenetik lur hartzea etengabea izan zen guretako. Hezkuntzaren egoera ulertzeko loturak geografian baino aise hurbilago aurkitu genituen memorian. Guatemalako hezkuntza publikoan ez dago murgiltze eredurik hizkuntza indigenetan, Hezkuntza Elebiduna deitutakoa da hizkuntza eta identitatearekin nolabaiteko harremana izateko aukera bakarra, baina hamarkadetan ez du elebidunik sortu; areago, 25 hizkuntzaindigena horietako bat etxean jaso dutenak erdaldundu ditu sistemak.

«Posible da eta ez soilik Baztanen, baita Tafalla edo Gasteizen ere»

Horren bistan kaqchikel aktibistak hezkuntza eredu propioa sortzen aritu dira azken hamarkadan. Murgiltze eredurantz doan eskola sare bat sortu dute identitatea eta hizkuntza oinarri hartuta eta, batez ere, metodologikoki kalitatearen aldeko apustu sendoa eginez. Izan ere, kontuan hartu behar dugu oraindik estigmatizazio handia pairatzen dutela gizartean. Ruk’u’x Qatinamit sarea lau eskolek osatzen dute gaur egun eta batek lortu du ezinezko iduri zuena: ikasgai guztiak kaqchikelez izatea, horretarako materialak sortu eta irakasleak formatzea eta guztia sistematizatuta jasotzea. Kalitatearen aldeko apustu metodologikoak babestuta lortu du, adibidez, estatuko frogetan emaitza arras onak izatea eta hezkuntzan erreferente bilakatzea. Hori dela eta, indigenak ez diren familia batzuk erabaki dute haurrak kaqchikelezko murgiltze ereduan eskolaratzea eta, garrantzitsuena, proiektuaren parte izateaz harro daude familia horiek.
Munduaren bertze puntan ginen, baina hein batean, denboran bakarrik bidaiatu genuen. Irakasle konbentzitu eta irribarretsu horiek begiratzen nituelarik gure barrideak ikusten nituen; indigena talde baten aitzinean indigena izan gabe eskola komunitatearekin bat egin zutela konbentzituta erraten ziguten guraso horiek aditzen nituelarik, egungo euskaldun gehienen gurasoak aditzen nituen eta gu, parean, gu ginen: ez gabezien zaku zulatua, baizik eta hogeitaka begi pareren ilusioak kutsatuta egunerokoan etorkizuna eraikitzen segitzeko indarren putzua. Gu ginen posible denaren froga, posible baita, eta ez soilik Guatemalako Aretxabaletan edo Baztanen, baizik eta Guatemalako Tafallan edo Gasteizen ere.

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun