Herriaren alde

Erabiltzailearen aurpegia
Herriaren alde

Espainiakoak pasata, ohartu orduko heldu zaizkigu berriz ere hauteskundeak Hego Euskal Herrira. Eta, bertze hainbat lekutan bezala, gure eskualdean ere abiatuak dira zerrendak, programak eta bataren zein bertzearen aldeko kanpainak sare sozial, ostatu eta karriketan.

Argazki interesgarria dakarkigu eskualdeak. Lehen begiratuan, anitz erraten duena. Herri ttiki batzuetan alkatetza nork lortuko duen erabakia dago jada: zerrenda bakarra aurkeztu baitute, eta, anitzetan, gaur egungoaren ildokoa. Bertizaranan, Arantzan, Sunbillan eta Goizuetan, erraterako, EH Bilduk eskuratuko du alkatetza, ez baita bertzerik aurkeztu. Bertze herri batzuetan, berriz, zerrenda independenteak egonen dira berriz ere herriko etxeetan.

Jokoa ez da aitzinetik idatziko herri handixeagoetan. Nahiz eta, kasu batzuetan, pronostikoak egitea hain zaila ez izan. Interesgarria da, dena den, hautagaien arteko talka. Zerrenda abertzaleen parean, adibidez, Navarra Suma espainiar eskuindarra aurkeztuko da hainbat herritan: Etxalarren eta Beran, bertze bi hautagaitzaren parean. Leitzan eta Donezteben, berriz, EH Bildurekin parez pare. Lesakan ere aurkeztu behar zuela iragarri zuen Andoni Elizondo PPko kideak; anitzen harridurarako: ordura arte inork ez baikenuen ezagutzen. Azkenean gibelera egin du, ordea, eta duela 20 urteko alkategai bera duen Geroa Baiko taldea soilik izanen du buruz buru EH Bilduk. Baztanen, azkenik, anitzagoa da panorama.

Argazkietatik beretik asma daiteke zein den bakoitzaren proposamena. Alde batetik, zerrenda anitzak: zaharrak eta gazteak eta gizon-emakumeak biltzen dituztenak –nahiz alde batean zein bertzean emakume guti egon lehen lerroetan‑, arlo ugaritan herri mugimenduetan dabiltzan herritarrak... Eta, bertzetik, nagusiki zaharrak, urte osoan guti ikusten ditugunak.

Programetan ere irakur daiteke nork egiten dituen promesak eta nork proposamen interesgarriak. Nork egiten dituen bilera parte-hartzaileak, eta nork botatzen duen asfaltoa lau urtetan ahantzirik utzitako auzo batean, bat-batean, apirilean.

Botoa hautu librea da, eta norberak erabakiko du zein paper sartzen duen gutun-azalean. Aitzinetik ez dago soberan pentsatzea, dena den, nork defendatuko dituen bere interesak, eta nork eginen duen, zinez, herriaren alde.

 

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun