erran.eus

Besta

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

Ate joka ditugu bertze urte batez sanferminak. Eta udarekin batera, baita eskualdeko bertze herrietako bestak ere. Baditugu hilabete batzuk horiek antolatzen: egitarauak ixten, karpak eskatzen, txandetarako jendea lotzen... eta eguna ailegatzen denean gustura aterako gara zuriz jantzita eta blusa gerrian, aste eta egun ederrak pasatzera, janean, edanean eta dantzan, lagunartean.


Aldarrikapenik ere ez da faltako. Besta bai, borroka ere bai leloari segiz, hainbertze jende biltzen dituzten bestak probexten baititugu maiz protestarako ere: presoen aldeko kalejira, independentziaren aldeko gazteen manifestaldia...

Pankartaren gibelean egiten direnak ez dira borroka bakarrak, halere. Borrokatzea baita, bertzeak bertze, txosnetan baso berrerabilgarriak erabiltzea. Anitzek gogoan izanen duzue horretan hasi aitzinetik goizero nola ernatzen zen herria plastikozko kapa batekin lurrean. Borrokatzea da, era berean, musika euskalduna eta ez-komertziala paratzea bozgorailuetatik, eta horrekin egitea dantza, ostatu gehienek Espainiatik edota AEBetatik heldu diren melodiak ‑eta anitz matxistak‑ paratzen dizkigutenean. Eta borrokatzea da bestetan areagotu baino egiten ez diren eraso sexisten aurkako protokoloak lantzea, eta erasoren bat jasan dutenak artatzeko puntu bat paratzea herrian.


Huskeria irudituko zaizkie batzuei, baina ezinbertzekoak dira bestetan lantzen ditugun borroka txiki guztiok. Besta ez baita gizartetik aparte eta modu isolatuan gertatzen den fenomeno bat. Alderantziz: Margaret Bullen antropologoak alardeei buruz egindako lan mardulean agerian paratzen du bestek gizartearen ordena erreproduzitzen dutela, eta bestetan agertzen direla gizartean ditugun rolak, jarrerak eta botere harremanak; anitzetan indartuak, gainera. Errate baterako: nork garbitzen dizkigu arropa zuriak eta nork prestatzen digu janaria gu tanborradan edo ostatuz ostatu poteoan gauden bitartean? Nork hartzen du espazio publikoa bestetako mementorik garrantzitsuenean, eta nork egiten dio txalo? Rol, jarrera eta botere-harreman horiek bestetan aldatzen saiatzeak garrantzia berezia du, beraz; ondotik egunerokotasunean ere eragiteko. Horregatik egiten dugu gure txikitasunetik besta euskaldun, feminista eta herritarren alde. Probatu nahi duenak, badaki non barrena ibiliko garen. Ongi pasa bestak!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa