erran.eus

Hamar urte

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

Oroitzapen lauso bat bertzerik ez dut 2008ko urtarrilaren 6 hartan Lesakan gertaturikoaz. Orduan ez nintzen herrian bizi, eta uste dut komunikabideetatik izan nuela gertaturikoaren berri. Biharamuneko irudiek inpaktatu ninduten, bereziki: Igorren aurpegia ubelduraz josia, lepoko zuria eta kablez beteriko gorputza, ospitaleko ohe batean. Eta titular bat han eta hemen, bueltaka: Guardia Zibilaren torturaren ondorioz Donostia Ospitalera eraman zutela lesakarra, saihets bat puskatuta eta birika perforatua.

Ordurako jada Lesakan barrena lagunekin-eta ibil­tzen hasia nintzen arren, orduan ez nekien nor ziren gerora argazki, pegatina eta pankartetan ikusiko nituen Igor, Mattin, Ioseba eta Mikel. 13 urte nituen orduan, eta kontzientzia politikorik nuenik ere ez dakit: zaplaz­teko hark ekarriko ninduen, agian, erre­a­litatera. Gerora kontaturikoei esker jakinen genuen anitzez zabalagoa zela titularren gibelean ezkutatzen zena. He­rritar anitzek oroituko duten bezala, Guardia Zibilek itxia eduki zutela herriaren parte bat, ustez miaketak egiteko, edota he­rria bera beldurtuta eta isil edukitzeko. Jakinen genuen, baita ere, Igor ez ezik Ma­ttin ere eduki zutela bortz egunez inkomunikatuta, eta hark ez zuela ospitalera joateko moduko kolpe zaka­rrik jasotzeko “zorterik” izan.
Hamar urte pasatu dira ordutik. Aise erraten da: hamar urte. Batzuentzat haize bolada bat baili­tzan pasatu izanen dira urteak, errutinaren egunerokoan sartuta. Bertze batzuentzat, ordea, luze: Hamar urte kartzelan… kantuak dioen bezala. Hamar urtetan Lesakan eta Euskal Herrian oro har gauzak anitz aldatu baitira. Horregatik da horren garran­tzitsua ordutik horrenbertze denbora pasatu denean ere gure herritarrak oroitzea, eta ezagutzeko aukerarik izan ez dugunok ere bertze modu batera haiekin harremanak egitea: izan gutun, bisita edo bertzelakoen bidez. Urteurrena oroitzeko prestatu duten leloak dioen bezala, herritik ehunka kilometrora egonda ere, bihotzetatik gertu egon daitezen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa