Inori ez zaigu axola ingurumena

Erabiltzailearen aurpegia

Gure solasetan eta buruan ibiltzen ditugun gaiak norbaitek antolatzen dituelakoan nago ni, ez dakit zergatik eta zertarako. Orain dela 11 urte inguru krisia lehertu omen zen, komunikabideetan horixe zioten, guk ere gureganatu genuen gaia. Aitzinetik zer genuen? Prestige akaso? Hegaztien gripea? Krisiaren ondotik, etxegabetze ziren hizpide. Orain indarkeria matxista eta nik aipatu nahi dudana: klima aldaketa.

Eguraldian aldaketak ditugula guttik ukatuko du, nahiz eta lurrak dituen 4.500 mila miloi urteetan (ene!) 50 urtez aldatu daitekeena hutsaren hurrengoa izan. Badirudi aldaketa horren erruduna gizaki maltzurra denaren teoria nagusitu dela, kon- trakorik dioenik baldin bada ere. Egoera ez da hobetzen ari, alegia, negutegi efektua eragiten duten gasen isurketa ez omen da ttikitzen. Ez dut, ordea, hori denon afera denik entzuten, Gobernu eta agintariena dela baizik. Ba nik ez dut hala uste: mundu koxkor honetan, honezkero 7.000 miloi pasa lagun omen gara (etsaiak barne), eta izanen du denok egiten dugunak eraginik, ezta?
Adibide batzuk. Aski duzue Google Maps erabiltzen duzuenok gure planetan gizakiak ukitu gabeko bazterrak bilatzen saiatzea.
Mundu aurreratuan, ekoizten dugun janariaren %30 inguru botatzen omen dugu, arropa zikindu gabe garbitzen dugu eta egunero dutxatzen gara. Nork egin nahi dio ohitura horiei uko? Beirazko botilak egin, eta behin erabili eta hautsi egiten ditugu berriz egiteko.

«Ingurumenaren  kontuan ez gara benetako deus egiten ari»


Orain, badirudi, plastikozko poltsak direla etsaiak, eta konbustiozko motorrak. Bakoitzak auto bat edo gehiago ere badugu, egunero  kilometroak egiten ditugu 100 zalditik goiti dituzten ibilgailuekin, bortz plazako autoetan lagun bakarra. Imajinatu dezakezue nola izanen zen hori egiazko zaldiekin? Ez gaude prest autoa partekatzeko, eta gainera, auto haundiagoak daude modan. Mugikortasun elektrikoa? Txorakeria galanta! 
Espainiar estatuan sortzen den indar elektrikoaren hirutik bat bertzerik ez da berriztagarria. Eta orain, auto guzientzat elektrizitatea behar da, lehen motorrik ez zuten bizikletentzat ere bai, eta patinete madarikatuentzat. Nondik aterako da hainbertze elektrizitate berriztagarri? Eguzki eta haizetik? Landa eta mendi guziak plaka eta haize-errotaz beteko ditugu? Eta nola uste duzue fabrikatzen direla tresna horiek? Lurrean ereinda? 
Hegazkinek botatzen duten keari buruzko legedirik ez omen da, eta gero eta hegazkin gehiago dabiltza airean; garraio eroek ez dute mugarik: ondasunak munduaren mutur batetik bertzera ibiltzen dira bueltaka… Eta nola egin atzera, nor dago prest? 

Mundua zaintzeko arrazoia ez da gure ondokoei oinordekotza on bat uztea, haiek ere izan baitaitezke gu bezain ankerrak eta berdin hondatu.

Mundua zaintzeko arrazoia ez da gure ondokoei oinordekotza on bat uztea, haiek ere izan baitaitezke gu bezain ankerrak eta berdin hondatu. Arrazoia morala izan behar du, gauzak ongi egitea hobea delako. Zerbaitek benetan kezkatzen gaituenean, egin beharrekoa egiten dugu, neurriak hartu. Ingurumenaren kontuan, uste dut ez garela benetako deus egiten ari. Hortaz, uste dut ez gaituela egiatan kezkatzen.

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun