Nire aitaren etxea...

Erabiltzailearen aurpegia

… madarikatuko dut. Bai, aldaketa ttiki bat egin diot Gabriel Arestiren olerki famatuaren hasierari, berak defendituko zuela zioen. Ez dakit aitaren etxea zerbaiten metafora zen edo benetako harri eta zurezko etxeaz ari ote zen. Dena dela, gauza bat argi samar dago: arima ere galdurik aitaren etxea defendituko duela badio, zerbait haundia, sakona edo/eta garrantzitsua izan beharko du nonbait. Eta hain gauza potolorik erran gabe ere, segur aski nabarituko du edozeinek «etxea» gauza garrantzitsua izan dela euskaldunontzat, batez ere herri eta baserri inguruan.

Edozeinek ikus dezake azken hamarkadatan nola ari diren etxeak husten, eta herriak ttikitzen, nik behinik behin ia egunero erreparatzen diot kontu horri, eta buruari ematen hasiz gero, tristura ere nabaritzen dut. Badakit, gainera, ez naizela pena hori nabaritzen duen bakarra. Ez da gauza berria, noski, nonahi badira aspaldi erabat hustu ziren herriak, eta segur aski hortaz, beheitiranzko joera hori gauza naturala edo halabeharrezkoa dela irudituko zaigu.
Hala ere, afera pixka bat astindu, eta koska edo galdera batzuk ere aurkitu ditut.
Naturala edo normala al da ba hori horrela gertatzea? Bai al genekin guk, edo gure antzinakoek ere ba al zekiten hala gertatuko zela? Hainbertzerainoko etxe puskak egin zituzten haiek pentsatu al zuten norbaitek teilatua eta gero ondotik gainerako guziak erortzen utziko zituenik? Edo familiako azken atautxi edo amatxi hil eta gero, etxea hutsik eta isilik geldituko zenik zikinaren eta sasiaren eskutan?
Jakinaren gainean ari naiz, erraten baldin badut etxe franko segur aski, beharragatik baino indar erakustaldi edo harrokeriagatik egin zirela, beti ere sasoia eta ahalmen nahiko edo sobrantearekin. Erran nahi dut, ez zirela beti halabeharrez eta zentzuz egin hainbat etxe, zuraje, pareta eta hainbat apaingarri ikustea bertzerik ez dago gehiegikeria zenbait ikusteko. Harrotasunez Esta casa reedifico Juan de... paratzen duten idazki dotoreak fatxadan...
Kontuan hartu gainera, gaur egun ezagutzen dugun etxe eta baserri molde hau ez dela beti hola izan. 500 bat urte ditu, ez da hagitz aspaldikoa, alegia. Lehenagotik jendea estalpe xumeetan bizi omen zen.
Hauxe da gure arbasoek utzi diguten herentzia, onerako eta txarrerako. Haientzat aurrerapen eta bizimoduaren hobekuntza izan zena, guretzat berriz maiz samar zama bihurtu dena. Mantentzeko garestia, beharrezko duguna baino gehiago, garai biziago batzuen oroigarri, orain isiltasuna eta dekadentzia erakusten diguna.
Beharbada, ez dugu zertan gure burua erruduntzat jo; euren nahia izan zen gauzak modu hartan egitea. Eta gaur egun beharrezkoak ez badira, ez dugu zergatik gure bizkarra eta arima behartu zama hori eutsi nahizik. Edo bai?

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun