11 eraso 12 erantzun, Feministok Prest!

Apirilaren 9an, Gasteizen egingo den indarkeria matxisten aurkako manifestazio nazionala babesteko atxikimendua eman du Goldatz taldeak eta bertan parte hartzera animatzen du jendea

Euskal Herriko Mugimendu Feministak, indarkeria matxistaren kontra, apirilaren 9an manifestazioa deitu du  Gasteizen,  "11 eraso 12 erantzun, Feministok Prest. Vuestras violencias tendrán respuesta" lelopean. Mobilizazio honek 3 helburu ditu: alde  batetik, eraso matxistak salatzea, bestetik, azkenaldian ematen ari  den mugimendu feministaren kriminalizazioa salatzea eta azkenik,  bortizkeria zer den bere aurpegi anitzak ezagutu eta nola identifikatu tratatuko dituen ausnarketa eta eztabaida soziala sustatzea.

Gaur egun beharrezkoa eta ezinbestekoa deritzogu bortizkeriatzat zer ulertzen dugun birplanteatzea, bere konplexutasun guztiak eta bere forma anitzak ulertzeko markoa sortuz. Bortizkeria matxistak ez dira kolpeak eta hiletak soilik; arazo  estrukturala eta sistema batean oinarritua da. Emakumeok beldurrean hezten gaituzte eta gure gorputza  ahula  den  bitartean gizonena erasokorra dela sinistarazi nahi digute. Bortizkeria matxista ez da bat eta bakarra, gure jendarteak  eraikitako egitura sendoa baizik, eta feminismoak, egoera hori agerian uzteko eta berari aurre egiteko erantzukizuna dauka.

Agintariak genero bortizkeriagatik oso arduratuak agertzen diren bitartean, errealitatea oso bestelako da: berdintasunaren arloan murrizketak ematen dira aurrekontuetan, sentsibilizazioan, bortizkeria matxista ekiditeko  dauden baliabideak koordinatzen instituzioetan lanean  dihardutenak  gutxietsiz. Faminizidioa  ez da kasualitate hutsa, arazoa ez da gizon batzuk burua  galtzea. Inolaz ere ez  dira kasu isolatuak.  feminizidioak,  generoen instituzionalismoaren bitartez gure jendartearen erdigunean daude.

Harreman bortitzak, naturalak bailitzan lehenesten diztuzte; maitasuna, jabetza, jeloskortasun eta kontrol  moduan. Hauek  normalizatzeaz gain beste  harreman  ereduak  ikustezin  bihurtzen  dituzte. Hau dela eta, arau horri ihes egiten dioten gorputzek eta harremanek bortizkeria matxista jasaten dute. Lesbianen kontrako erasoak, nerabe transexualek beren buruaz beste egitea eta aniztasun funtzionala duten pertsonekiko erasoak ere bortizkeria matxista dira.

Gaua  eta  jaiak  bortizkeriarako  espazioak  dira. Gaua, alkohola eta permisibitatea aitzaki hartuta emakumeon kontrako erasoak areagotu egiten dira. Batzuentzat jaiak ondo pasatzeko espazioak diren bitartean, beste batzuentzat erasoak, bazterkeria eta beldurra sufritzeko espazioak dira.

Ekonomia kapitalistak zerbitzu sozialak murrizten ditu. Honek eragin nabarmen handiagoa dauka emakumeekiko. Prestigiorik gabeko lanak egitera eta zaintza lanetara bultzatzen gaitu. Emakume etorkinek, esplotazio eta isolamendu egoerei egin behar diete aurre, gure jendartearen herentzia arrazista eta kolonialista beraien gain erortzen den bitartean. Egun, gainera, eraso sexistak neurri arrazistak justifikatzeko eta zabaltzeko erabiltzen dira, arazoaren arrazoia guztiz manipulatuz.

Ez  gara ez  biktimak,  ezta pertsona pasiboak ere. Gure bizitzaren protagonistak gara. Gure errealitatearen transformazio sozialean eragin zuzena duen subjektu politikoak gara. Arazoaren muinari heltzeko ordua da, konpromezuak hartzeko ordua, bortizkeria matxistak ekiditu eta emakumeok menpekotasun espazioan ezartzen gaituen sistema eraldatzeko garaia. Argi daukagu zeintzuk diren honen jatorriak eta berauei aurre egiteko prest gaude.

Euskal  Herriko  mugimendu  feminista, Goldatz Berako Talde Feminista barne erasoei  aurre  egiteko  prest dago eta apirilaren  9an  hau guztia plazaratzera joango gara Gasteizera. Zuei ere kaleak betetzeko gonbidapena luzatzen  dizuegu, gure aliantzak erakusteko eta eraso bakoitzaren aurrean egongo garela altu eta ozen ohiukatzeko prest gaude: 11ERASO 12 ERANTZUN, FEMINISTOK PREST!!!

(Feministok Prest kanpainatik hartutako testua)

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun