2016ko MARTXOAK 8 “EMAKUMEON NAZIOARTEKO EGUNA”

2016ko MARTXOAK 8 “EMAKUMEON NAZIOARTEKO EGUNA” Goldatz, Berako Emakume Talde Feministatik martxoaren 8 “Emakumeon Nazioarteko Egunari” begira Aste Morea antolatu dugu, martxoaren 4an hasi eta 12an bukatu dena. Bertan hainbat ekitaldi antolatu dira, hala nola, pintxo pote morea, martxoaren 8a heldu dela jakinarazteko ekitaldia, Aitziber Zabaletak (ONURA fisioterapia, Bera) emandako zoru pelbikoaren ikastaroa, “Zu ere beharrezkoa zara” lelopean egindako kontzentra zaratatsua eta Esther Carrizoren eskutik “Susanaren iraultza” antzezlana. Ekitaldi hauen artean azpimarratzekoa da zoru pelbikoaren ikastaroak eta Susanaren iraultza antzezlanak izandako arrakasta .Martxoaren 5ean Aitziber Zabaleta fisioterapeutak Beralandetan 2 orduz emandako ikastaroan, Bortzirietako hainbat emakumek hartu genuen parte, eta nahiz eta plaza mugatuak izan, hauek bete eta azken momentuan gerturatu zirenek ere parte hartzeko aukera izan zuten. Gainera, aipatzekoa da, interes handia agertu duela jende gehiagok ere horrelako ikastaroetan parte hartzeko. Horretaz gain, Esther Carrizok Ramon Albisturren laguntzarekin martxoaren 11an Katakun antzeztu zuen “Susanaren iraultzak” ere arrakasta ikaragarria izan zuen. Nahiz eta antzezlan hau 2012koa izan eta Beran behin baino gehiagotan erakutsi, Katakura agertu zen jende andanak agerian utzi zuen antzezlan honek interes handia sortzen duela oraindik ere herritarrengan. Asteari bukaera emateko, martxoaren 12an, larunbata, bertso bazkaria egin genuen Zalain jatetxean Onintza Enbeita eta Nerea Elustondo bertsolariekin. Bazkari eder bat eta gero, giro ederrean pasa genuen bazkalondoa, bertara hurbildu ginen 32 emakumeok, bi bertsolariek eta Ainhoa Aranburu gai-jartzaileak jarritako umore puntuarekin. Ordu eta erdiko saioa izan zen, emakumeon egoera izan zen gai nagusia, eta erran bezala umore puntuarekin erantzun zuten aldi oro bi bertsolariek, publiko guziaren aurpegian irria marraztuz. Bertso eta bertso artean, Goldatzek zozketatzen zuen bertako produktuez osatutako saskiaren zozketa egin eta 177 zenbakia zeukan Eider Larrañaga Legazpiarrari tokatu zitzaion, beraz zorionak Eider! Honen ondoren, herrian antolatua genuen triki-poteoaren ordua ailetu zen, eta giro ederrean ibili ginen Onintza Zapiain, Irati Fagoaga, Eneritz Zapiain eta Ekhiñe Zapiain trikitilari eta pandero jotzaileekin. Eta eguna ongi akautzeko, Kataku ostatuan zain genituen DJ Rakaraka eta DJ Marikarmens. Eskerrak eman nahi dizkizuegu aste osoan zehar parte hartu duzuen guztioi!!! Eta hemendik aldarrikatu nahi dugu martxoak 8 gure bizitzan egunero dela, eta egunero borrokatu eta ospatu beharreko eguna dela, GORA BORROKA FEMINISTA!!!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun