Zergatik kostatzen zaigu horrenbertze gure hutsegiteak onartzea?

Erabiltzailearen aurpegia

Milaka aldiz aditu izanen duzue gizakiok ez garela perfektuak, maiz okertzen garela, behin eta berriz hanka sartzen dugula eta gure akatsetatik ikasten dugula... Hala ere, maiz, bakoitzari tokatzen zaigunean errazagoa izaten da begirada bertzeengana luzatzea gure barrura begiratzea baino.

Zer gertatzen zaigu gure bikoteak egunero egiten dugun zerbait zalantzan jartzen duenean? Edo gure nagusiak edo lankideak gure lana bertze modu batera egin daitekeela erraten digunean? Edo nola sentitzen gara gure alaba edo semearen tutoreak adierazten digunean umeak gelan duen jarrera ez dela egokia?
Honelako egoeretan, gehiengoa, nahasiak sentitzen gara, estres momentu bat bezala bizitzen dugu, batzuetan haserrea, lotsa edo erruduntasuna ere sentitzen dugu. Gure baitan uste genuen ongi jokatzen ari ginela, gure balioak eta ohiturak zuzenak zirela eta bat-batean ondokoak adierazten digu beharbada zerbaitetan oker gabiltzala.
Eta nola jokatzen dugu entzundakoaren ondotik? Ez da erraza berehalakoan onartzea zerbaitetan arrazoia izanen duela gure parekoak. Gure jarrerei erne egoten bagara konturatuko gara hasiera batean uko egiten saiatzen garela: «ez da posible», «nik ez dut hori egiten», «nire umea ez da horrelakoa». Edo justifikazioak, argudioak eta aitzakiak bilatzen... «nik beti horrela egin izan dut», «ez dut astirik bertze modu batera egiteko»... Edo errua bertzeei botatzen: «zergatik ez didazu lehenago abisatu?», «zuk erran zenidan horrela egiteko», «lagun txarrak ditu», «irakasle horrek ez ditu ikasleak motibatzen»...
Baina, lehen kolpea jaso ondotik, emozioak baretzen direnean, buruari buelta batzuk eman ondotik, onartzeko bidean jartzen bagara norabide egokian goaz. Momentu batean onartu beharko genuke: ados, hemen zerbait aldatu beharra dago. Hutsegiteak identifikatuz eta hurrengorako hobetu beharrekoak planteatuz ikasi egiten dugu. Bertzela, gure burua engainatu bertzerik ez dugu eginen.
Gure izateko erari eta gauzak egiteko moduari itsu-itsuan lotzen bagara, betikoan jarraituko dugu eta hobetzeko eta ikasteko aukerak galduko ditugu. Entzuten jakin eta zenbait gauza onartzeko prest bagaude etengabe hobetzeko bidea hartua dugu.
Tyler Okimoto psikologo eta ikerlariak dioen bezala, «ingurukoentzat nabarmena baldin bada hanka-sartze bat egin duzula, ez onartzea ahulezia da eta ez indargunea».

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun