Maitasuna

Erabiltzailearen aurpegia

Maitasuna eta sufrimendua maiz elkarren eskutik ibiltzen dira. Batetik bertzerako tartea arras laburra, laburregia agian, izan ohi da.

Xalbadorrek erakutsi zigun, gerora hainbatek kantatu duten bertso honen bidez: «aunitz maite duenak aunitz sufritzen du». Arrazoia! Pentsatzen nuen nirekiko kantatzen nuen ia aldiro. Bat egiten nuen esaldiarekin, maitasunak batzuetan sufritzea baitakar berarekin inplizituki, ez beti. Sinpleegia izan daiteke pentsatzea, baina, merezi al du maitatzeak gero maitasun hori sufrimendua bilaka badaiteke? Ez dakit erantzuna pentsatzeko astirik hartu duzuen edo ez. Nik argi dut: bai, maitatzeak merezi du.

Maitatu dezagun hemen, orain, egunero. Merezi du.

Azken aldian, zoritxarrez eta zorionez, sufrimendu eta maitasun aunitz ikusi eta sentitu dut inguruan. Momentu latzak, benetan, baina baita ederrak ere; jaso eta emandako egiazko maitasun adierazpen aunitz izan dira. Maitasunak sufrimendua gainditu du eta hala behar du. Maitatu dezagun orain, hemen, egunero, merezi du. Ez utzi biharko. Has nadin, beraz. Nahi duenak har beza nire muxu eta besarkadarik goxoena!

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun