OKtik A2era… Konforme?

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

Estatu Batuetako soldaduek hildakorik ez zutela izan adierazteko erabiltzen hasi zen OK (zero kills) alde batera utzi eta A2 erabiltzeko kanpaina abiatu da sareetan. Pilotan kintzeka kontatzen hasi zen garaitik dator ados. 40na berdin zeudenean bi tanto segidan egin behar zituen (eta du) taldeetako batek jokoa lortzeko: a dos. Milesker Tiburtzio!

Gora kurrin-kurrinkulumak!

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

Edozein herritako karrikak garbitzeko duela 30 urte ateratako EGA tituluaren eta oraindik lehenago eskuratutako Eskola Graduatuaren fotokopiak aurkeztu ditut. Baina, kasualitatea, joan den hilabetean egindako erreka bazterretako faunaren inguruko masterraren ziurtagiririk ezin inon topatu, ezta unibertsitatean ere. Informatikaren garaiaren ajeak!

Hotzikara Belaten

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

Belateko errepide zaharrean goiti joan naiz igande goizean, bakar-bakarrik. Udaberri (?) hasiera honetan hutsik dago errepidea, txirrindulariren bat, txori kantuak, zaldi-behorrak… Begiak itxi eta egunero 3.900 kamioi ikusi ditut harat-honatean bihurguneetan ezin pasatuz, lainopean, motor burrunba aditu dut… Hotzikara sumatu dut.

Hitzetatik ekintzetara

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

Ergela izan behar da pentsatzeko munduaren erdia geldituta mundua ez dela geldituko. Hori bagenekien. Baina ikasi dugu ez dela aski laguntzea, bidelagun izan behar dugula; ez dela nahiko elkartasuna, elkarrekin bidea egin nahi dugula. Teorika ikasi dugu, praktika falta. Hitzetatik ekintzetara.

Begia masaila trukean

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

Ezkerreko belarri ondoan deabrua, eskuinekoan aingerutxoa. ‘Begia begiaren truk’ dio batek mendeku eske masailak gorriturik. ‘Bertze masaila jartzeko’ eskatzen du bertzeak, begiak zuri-zuri. Bibliak ere bi joerentzako lekua badu nonbait, nola ez dugu bada guk zalantza izanen? Otxarkoagako hilketen moduko berriek jartzen gaituzte ispiluaren aurreko kontraesan horretan.

Oinak eta zangoak

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

Bi izarrek elkar agurtu dute Anoeta futbol-zelaia­ren erdian. Batek, bere oinekin dantzan jartzen du mun­dua. Arerioek eta ikusleek zertarako gai den jakin arren, beti topatzen du zirri­kituren bat i­hes egi­teko eta jendea eta kontrarioa harritzeko, noiznahi badu bertzea txunditzen duen ate­raldiren bat. Munduko onena da berean. Ber­tzea Leo Messi da eta zangoak erabiltzen ditu.

Euskaldunon lan astea

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

Abendu hasierako zubietan aditu edo leitu dut norbaiten proposamena: aste tartean suerta­tzen diren jai-egunetako zubiak aste hasiera edo bukaerara biltzea, hainbertze lan-egun ez gal­tze­ko. Nik, bertze proposamen bat eginen nuke, Eus­­kal Herritik Mundura! Izan ere, euskara abera­tsa eta jakintsua da: Aste-lehena, aste-artea eta aste-azkena lanerako. Bertze lau egunak asteburu! (ez da zeri!)

Hala bazan eta ez bazan...

Erabiltzailearen aurpegia

Lur jabe handi bat kexu zen, ondoko baserriko baratzean ereindako kalabazak bere lorategi dotore eta txukunean ateratzen zirelako. Horma handi bat eraiki zuen, baina sustraiak pareta azpitik igaro eta kalabazak ateratzen segitu zuten, txoriek eramandako kalabaza-haziak ere loratzen hasi ziren lorategi apainean... eta okerrena, aurpegia ere kalabaza kolorekoa jarri zitzaion lur jabeari.

Denek ala inor ez...

Erabiltzailearen aurpegia

Denek dakite zakurra dela gizakiaren lagunik handiena. Gehienek, identifikatzeko txipa eta amorruaren kontrako txertoa jartzen dizkiete. Batzuk, zuhaitz genealogikoak osatzen dizkiete birraitatxi-birramatxien aintzinakoak bitarte, beraien pedigria eta odol garbia erakusteko. Bakan batzuk jantzi eta orraztu ere egiten dituzte... Eta inork ez al ditu espaloietan egiten dituzten kakak bilduko?

Hauteskunde kanpainan berriz

Erabiltzailearen aurpegia

Hurbilago arazorik ez, batzuk Venezuelara doaz, bertzeak Idomenira... agian, kanpoan okerrago daudela ikusteak baretuko du urtebetean ebakuntza egin diezaioten esperoan dagoenaren ezinegona. Baina barne arazo larriak ere moldatzeko prest daude politikariak: Estelada eramatea galerazi lehenik eta, demokratak direla erakutsiz, baimendu gero. Ai ama, zein hilabete luzea heldu zaigun!