...eta bertzeak ere bai!

Erabiltzailearen aurpegia

Gabonetan Euskal Herrian preso eta iheslarien alde egiten diren bi ekimen garrantzitsuenetarikoetan aditutakoak lehenagotik buruan nuen ideia indartu eta hausnarketatxo hau egitera eraman nau. 2018ko abenduaren 29a. Iruñerrian 20 bat urtetik hona antolatzen den Hatortxurock elkartasun kontzertuan talde bat entzuten ari nintzela, bertako kide batek Altsasuko auzipetuentzat hitz batzuk izan zituen,  gainerakoez «atzenduz». 2019ko urtarrilaren 12a. Bilboko manifestaldiaren akabailako hitz-hartzean ere tarte berezi bat eskaini zitzaien Sakanako gazteei.

Ikaragarria da azken hilabeteetan bidegabekeria hau salatzeko sortu den elkartasun olatua. Euskal mugak zeharkatu eta Espainiar Estatuko txoko anitzetatik etorri dira babes mezuak. Iruñean inoiz egin den manifestaldirik jendetsuenak 80.000 lagun bildu zituen 2018ko ekainaren 16an, zortzi auzipetuei bi eta hamahiru urte arte kartzela zigorrak jarri eta gero. Hurbilago etorrita, Elizondon urte bereko udaberrian antolatu zen elkartasun karabanaren baitan egindako manifestaldia arras arrakastatsua izan zen. Inolako zalantzarik gabe, epai hura aurrekari arriskutsua izan zen eta aski dela erran ezean ondokoa edozein izan zitekeenaren sentsazioak erantzun zabal eta anitza ekarri du.
Alabaina, ez da horrelako egoera baten aitzinean gauden lehendabiziko aldia, ezta gutxiagorik ere. Polizia-muntaia eta epaiketa politikoen uztarketaz sortutako formula aspalditik aplikatua izan da Madrildik zuzendutako sorgin-ehizetan. Herri-mugimenduetan burua atera duen orori lepoa moztu izan zaio inolako gupidarik gabe, Altsasukoekin gertatu den gauza bera, alegia. Zerrenda amaigabea bada ere, bat-batean pentsatuta hainbat kasu etortzen zaizkit burura: molotov koktel bat botatzeagatik 16 urteko kartzela zigorra bete zuenarena, sarekada batetik ihes egin ondotik beren burua epailearen aitzinean aurkeztu nahi izan zutenean terrorista bilatuenen zerrendan sartu zituztenena, torturapean egin ez dituzten ekintzak beren gain hartu dituzten guziena... Eta zergatik eramaten dituzte orain eskuak burura lehen antzeko kasuetan «zerbait egin izanen du» erraten zutenek? Akaso ez al ginateke orain bertze egoera batean egonen lehenagotik horrelako erantzunak eman izan bagenitu?
«Lehendabizi komunisten bila etorri ziren eta ez nuen deus erran ez bainintzen sozialista, gero sindikalisten bila eta ez nuen deus erran ez nintzelako sindikalista, ondotik judutarren bila eta ez nuen deus erran ez nintzelako judutarra, azkenik nire bila etorri zirelarik ez zen inor gelditzen protestatzeko» dio Martin Niemöllerren poema batek eta uste dut ongi laburbiltzen duela gertatzen dena. Hasieran ETAkoa izateagatik zen, gero politikari eta herri mugimenduetara pasatu ziren eta orain edozein izan daiteke. Horregatik, Altsasukoak bai! Eta bertzeak ere bai!

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun