M8 Emakumearen Nazioarteko Eguna 2019

Emakumeendako espazio autonomoak beharrezkoak ditugu

Erabiltzailearen aurpegia Elurre Iriarte Bañez 2019ko ots. 24a, 12:00

Martxoaren 8ko atean gauden honetan, aberasgarria da elkartzea, solastatzea eta eztabaidatzea greba eguna antolatzearen aitzakiarekin. Nire inguruan (hurbilean eta ez hain hurbilean) ematen den eztabaidetako bat emakumeek bakarrik egiten ditugun ekitaldiekin izaten da.

Batzarrekin ez hainbertze, baina emakumeendako bakarrik antolatzen bada ikastaro bat, edo martxoaren 8a bezalako egun batean emakumeez osaturiko erreibindikazio bat, bazkari bat, besta bat… horrek denen barrenak gehiago mugitzen ditu. Nahiz eta egia erran, gauza bera izan! Espazio autonomo feministak dira, eta beharrezkoak.
Espazio autonomoak zapalketa zehatz bat duen jendeez osatuak daudenak dira. Emakumeenak bezala, izaten ahal dira pertsona arrazializatuenak, homosexualenak, gazteenak… hainbat dakit!
Zergatik espazio autonomo feministak? Ba leku hori behar dugulakoz gure gauzez solastatzeko, seguruak sentitzeko eta erdigunean egoteko. Kitto. Eta hala sentitu behar gara, berdin emakumeen greba bat antolatzen, gai zehatz batekin batzar bat egiten, ikastaro bat egiten edo otordu batean.
Bizi izan ditudan espazio mistoetan, gizonek izan dute beti presentzia gehiago, hitza gehiagotan hartu dute eta beren hitzak pisu gehiago izan du. Patriarkatuan bizi gara, ez naiz deus deskubritzen ari.
Normalki zapalketa baten kontra egin behar duzularik, zapalketa horren subjektuak direnekin elkartu behar zara. Ez du zentzurik ni beltzen askapenerako batzar batean izateak, edo bai? Nik, heterosexual gisa, ez diot erranen homosexual bati zer egin behar duen bere bizitza sozialarekin, norekin elkartu behar den eta norekin ez. Edo bai?
Horregatik transexualak direnek behar dituzte beren espazio autonomoak, arrazakeria pairatzen dutenek berea, aniztasun funtzionala dutenek berea... Eta emakumeek, gurea.
Imajinatzen duzu alderdi politiko baten batzarrean bertze alderdi politiko bateko kideren bat agertzea? Edo irakasleen greba batean pankarta zurgin batek eramatea?
Elkarrekin egiten baditugu gauza horiek guziak elkarren ondoan egon nahi dugulakoz da. Elkarren esperientziak eta iritziak konpartitu. Libre sentitu dugun zapalketan pentsatzeko, adierazteko eta hausnartzeko. Gure egoera eta posizio berean dauden bertze emakumeekin egiteko. Gero elkartuko gara espazio mistoetan gure hausnarketak konpartitzeko, hala ikusten badugu.
Urte osoa izanen dugu manifestazioak konpartitzeko, herri-bazkariak, poteoak eta nahi dugun guzia. Martxoaren 8a gure greba eguna da, eta inportantea da guretako,  emakumeen arteko aliantza lortzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun