erran.eus

Izeberga III (eta fini)

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

Emakumeen kontrako zapalketaren izebergarekin hasi nintzen, ohartu gabe serie hau sekulan ez nuela akituko. Horregatik hirugarrenarekin fini: izeberga bera biluztea beharbada hobe eta zuzenagoa.
Zenbait jarrerek, sotilak izanagatik ere, zapalketa mantentzen laguntzen dute, eta ez dira gutti. Hortaz izebergaren irudia: azpiko alderik gabe ez dago gainekorik. Matxismoa bezalako zapalketa bat mantentzeko eta elikatzeko, mikromatxismoetatik hasi eta emakumeen umilazioa eta deuseztatzerainoko jarrerak ezinbertzekoak dira. Hauek dira lokalizatu behar ditugunak eta aldatu. Zergatik? Gizonezko batek emakumezko bat bortxatu edo hiltzen duelarik jendarte patriarkalaren babesa sentitzen duelakoz. Egunero eta bizitza osoan horixe ikusi eta ikasi du (eta harekin guk ere bai): emakumea objektu gisa, emakumea komentarioak onartzen dituen gorputz gisa, emakumea lan guttietsiak egiteko langile gisa, eta abar eta abar.

 

Patriarkatua horixe baita, gizona erdigunean paratzen duen sistema, emakumearen gainetik. Sistema hori da izebergak irudikatzen duena, eta hori deuseztatzen ez badugu, ez da izebergaren gaineko aldea sekulan eroriko. Izeberg hortan dauden jarrera guziek elikatzen dituzte agerian dauden irainak, mehatxuak, oihuak, bortxaketak, golpeak eta hilketak.


Izebergaren azpian dago gizonezko batek erraten duelarik nik etxeko lanetan laguntzen dut; azpiko aldean dago umiliatzea, mespretxatzea, guttiestea (ze inutila zaren! Hau ez dakizu egiten); gorputzari buruzko komentarioak, txisteak eta piropoak (a ze titi parea!); kontrola (non egon zara? Nora zoaz? Norekin?); hezkuntza sexista (bestara ateratzen den alabari kasu eman! Eta semeari ongi pasa!); eta abar. Horiek denek gizona emakumearen gainetik paratzen dute,  hori guzia egiteko eta errateko eskubidea emanen baliote bezala, berdintasunetik urrunduz.


Adibideak bertzerik ez dira, ezinezkoa da denak hemen aipatzea, eta dudarik gabe, ez dugu atzendu behar izebergak bertze dimentsio bat hartzen duela arraza, jatorria, klasea edo aniztasun funtzionala tartean sartzen baditugu.


Egiazki akitu nahi badugu sexismoarekin, matxismoarekin eta patriarkatuarekin, izebergaren azpiko horiekin akitu behar dugu lehenbailehen, aitzakiarik gabe. Akitu gure inguruan dauden bazterketekin, ia ikusezinak diren zapalketaren ordezkari horiekin. Bide hori hartzen ez badugu emakumeen kontrako indarkeria elikatzen ari gara.


Elizondoko bestetan agertu zen pankartak ederki esplikatzen zuen hau guzia: baztertzetik hasten da eta 'la manadan' akitzen. Dena bat da. Argiago ezin, irakurle.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa