Haur Parkea irekiko dute Eguberrietan Irungo Ficoba erakustazokan

Erabiltzailearen aurpegia Babestutako edukia 2019ko abe. 15a, 12:00
Ficobako hiru pabiloietan banatuta, eskaintza oparoa izanen dute bisitariek.

Zatoz gurekin ongi pasatzera! gonbidapen horixe egin dute aurten ere Ficobako PIN, PAN, PUN Eguberrietako Haur Parkearen antolatzaileek. Abenduaren 26an irekiko dituzte ateak eta urtarrilaren 4ra arte, hiru pabiloietan, dibertsioa izanen da nagusi. Kirola, teknologia, dantza, musika, gastronomia... biltzen ditu eskaintza oparoa dute prest. Arratsaldez, 15:00etatik 20:00etara, egunero egonen da zabalik, abenduaren 31n eta urtarrilaren 1ean izan ezik.

Ficobako ateak zeharkatu orduko hasiko da haur eta gaztetxoen gozamena. Real Sociedad taldearen eskutik kirolean aritzeko aukera izanen dute: futbolean, atletismoan, hockeyan eta brilean. Teknologia berriek ere izanen dute tartea, bideojokoak sortu eta programatzen ikasteko Ikasgela ibiltaria jarriko baitute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura digital@ programaren barruko proiektuari tokia eginez.

Musikarik ere ez da faltako, ETB3ren karaokean kantuan eta dantzan primeran pasako dute etxeko ttikienek, baita helduek ere. Laser tagean jolasteko aukera ere izanen dute punteria trebatuz, barraketara iritsi aurretik. Matxinsaltoa, trena, zaldiko-maldikoa, haurrentzako auto-txokeak, ohe elastikoak... Hitz batean laburbilduta: gozamena.

Indarberritzeko, jan-edanak ere ugari, eskaintza gastronomiko zabala izanen du Ficobako Eguberrietako Haur Parkeak, eta urtebetetze festak, prezio berezian, bertan ospatzeko aukera ere eskainiko du. Gainera, aurten, lehenengoz bidaia bat irabazteko aukera ere izanen dute bertaratzen direnek. Futuroscopera joateko lau lagunentzako bidaia zozketatuko dute (bi egunetarako sarrerak eta hoteleko gau bat).

Datu praktikoak

Eguberrietako Haur Parkearen webgunean, http://pin.ficoba.org erosi ahalko dira sarrerak. Gainera, sarrerak abenduaren 16tik 22ra bitartean erosten dituztenek  bortz eurotan eskuratu ahal izanen dituzte. Data horretatik aitzinera, zortzi euro ordaindu beharko dute 3-13 urteko haurrek, zazpi euro helduek eta hiru urtetik beherako haurrek dohainik izanen dute sartzea. Taldeentzat ere beherapenak dituzte (hamar haurretik goiti): sei euro ordaindu beharko dute haur bakoitzeko eta heldu bat dohainik sartu ahalko da taldearekin. Familia ugariek ere, txartela erakusten badute, sei euro ordaindu beharko dute haur bakoitzeko. Aparkalekua dohainik da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun