'Uskaraz leher'

Erabiltzailearen aurpegia

Oroitzen naiz ttikitan solas-jostetan aritzeko erraten genuen hartaz. Elkar zirikan ibiltzen ginen eta batek zer? galdetu eta bertzeak kakaz leher! erantzuten zion. Erramolde hura galdua izanen da seguru aski, bertze hainbertze bezala. Amatxiri azkarkitan aditzen nion uriz leher egin du  edo lekaz leher billu dugu eta orain dela hogeiren bat urte herriko paretan idatzi genuena ere hauxe izan zen: Arantzan zer, uskaraz leher. Bertze inongo eredurik ez genuen bilatu, ez baikenuen inondik kopiatzeko beharrik. Herriko euskararekiko atxikimendua eta sinismena bederen agerian dituzte solas hauek, baina gaurko egunean holakoak guttiago aditzen dira.

Hizkuntzak aldakortasuna omen du ezaugarri. Aitzinekoetatik gure belaunaldietara ere aldatu da. Aldatu bada, bizirik dagoen seinale, erranen du baten batek. Baina aldaketa guztiek ez dute balio bera. 
Euskaltzaindiak errana da, euskara batuak eta euskalkiek elkarren osagarri behar dutela. Teoria hori polita da, baina ez dakit lehengoak atzendu eta berriak ikasi maila berean egiten ote diren. Erranen nuke batzuk bertzeari gainaz joaten ari zaizkiola. Bertako euskara ez da lexiko edo solas gutti batzue-tara mugatzen: arront, bertze, aitzin, gibel… Hizkuntza lexikoa bakarrik balitz, ez genuke kopialana bertzerik egin beharko denak eleanitz bihurtzeko.

«Euskaraz edozein modutan aritzeak ez du inondik inora balio»

Urte aunitzetan bezalaxe, gaurko egunean ere erdararen eraginak abudo aski hedatzen dira. Gure haurrak eskolaratzean, da neria bezalakoak ahotik hortzera botatzen hasten zaizkigu. Etxean on ustean eredu egokiak ematen saiatuta ere eta gurearekiko maitasuna eta ardura garatzeko eginahalak eginik ere, 'euskal sena' transmititzea zernahi gostatzen da. Kontzientziarik gabeko axolagabeak zer ez ote du eginen orduan, hizkuntzarekiko daukan motibazioak, ikusmolde okerrak eta jarrerak hiztun horren hautuetan zuzenean eragiten badu. 
Lotsak, emozio mugatzaileak edo mezu negatiboak atzenduta, euskalkiak eta hizkerak bizitasunarekin eta aberastasunarekin lotu izan ditugu betitik. Horrek ez du erran nahi lagunarteko solasaldi guztiak hika egin behar direnik. Baina hika aritzearen aukera erabiltzen ahal den erregistroa dela ere ikasi beharko luke edozeinek. Hori guttienez. Hizkuntza irakasteak eta ikasteak berekin izan behar ditu kontzientzia eta ardura, bere funtzio guztiak nola garatu behar diren ikasi nahi bada; zer, nola, noiz, non eta norekin. Edozein modutan aritzeak ez duela inondik ere balio, alegia.  
Horiek guztiak horrela, oraindik ere uskaraz leher gara herrian eta aski harro egotekoa da hori. Baina arnasgune izendatu dituzten tokietan ere, ezin dira alderdi itogarriak ukatu. Bertze apustu bat egiteko beharra eta aukera hortxe dugu. Dudarik ez egin gureari behar adinako balioa eta tokia ematen segitzen eta ikasten ahal dela. Akaso zertan ari garen kontzienteago izanen bagina, belarriprest eta ahobiziak bakarrik ez, denak mingainzorrotz eta belarrifinak izanen ginateke.

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun